Politika -

Ekitaldia

Bost lehendakariek Jose Antonio Agirre omendu dute Legebiltzarrean

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzako sailburuek ere hartu dute parte omenaldian.

Lehendakari guztiak, Legebiltzarreko presidentearekin. EITB.
Lehendakari guztiak, Legebiltzarreko presidentearekin. EITB.
Legebiltzarrak Agirre lehendakaria omendu du

2:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak eta Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakaria, Jose Antonio Agirre, omendu dute gaur, karguaren zina egin zuela 77. urte bete direnean. Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak Agirreren "humanismoa" goraipatu du, eta nazioartean Euskadiren "enbaxadorea" izan zela gaineratu du.

Omenaldia Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak proposatuta egin dute, eta, bertan, Agirre lehendakariaren alaba, Aintzane, izan da. Hain zuzen ere, legebiltzarkideei ematen zaien bereizgarria entregatu diote. Ekitaldia hasi aurretik, Agirreren senideak, Eusko Legebiltzarreko aurreko presidenteak eta Jaurlaritzako lehendakariak hartu ditu Tejeriak.

AGIRRE alaba

 

Gaurko ekitaldiarekin, Agirreri legebiltzarkide maila sinbolikoki onartu diote; izan ere, lehendakari izendatu zutenean, ezin izan zuten Legebiltzarra eratu.

Jose Antonio  Agirreren Gobernua 1936. urteko urriaren 7an sortu zuten. Frankismo garaian, Jaurlaritza erbestean izan zen eta EAJ klandestinitatean.

Agirre 1960. urtean hil zen, Parisen, eta bere tokia Jesus Maria Leizaolak hartu zuen.

Agirreren mezu humanista

Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak Agirreren mezu "humanista" azpimarratu du. Adierazi duenez, Agirrek "batasun gobernu bat" eratu zuen eta erakundeen arteko akordioak bultzatu zituen.

"Agirreren mezu horri jarraipena eman behar diogu. Demokrazia eta askatasuna lortzea nahi zuen enbaxadorea izan zen", azpimarratu du.

 

Balio historiko handiko objektuak

Ganberako ekitaldi sinbolikoaz gain, Legebiltzarrak "Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa (1936-1956)" txostena eskegi du bere webgunean. Agirre lehendakariak Euskal Mundu Biltzarrean aurkeztu zuenagiri hori, 1956. urtean, Parisen.

Halaber, "balio historiko handia" duten hainbat objektu erakutsi dituzte Legebiltzarrean, Sabino Arana Fundazioak utzita, hala nola Agirrek Gernikako Juntetxean egindako zinaren agiria, ekitaldi horren hainbat argazki eta lehendakariak Companys Generalitateko presidenteari 1938. urtean Parisen egin zion harreran erabilitako ikurrina.

Ekitaldian, bi soinu grabazio ere jarri dituzte: Agirre hil zenean Alberto Onaindiak Radio Parisen egindako hilberria, eta Xalbador eta Mitxelena bertsolariek 1960. urtean Parisen haren omenez abestutako bertsoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Lehenengo Euskal Gobernuaren lehendakaria