Politika -

'Herriko tabernen' auzia

Landa: 'Ezker abertzalea legezkoa izatea ez dute oraindik onartu'

ETAren finantziazioaren eta herriko tabernen arteko ustezko lotura ebatziko duen epaiketa ostegun honetan hasi da, Auzitegi Nazionalean.

Karmelo Landa. EFE.
Karmelo Landa. Argazkia: EFE
Landa: 'Guztion absoluzioarekin bukatu behar du honek'

0:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Karmelo Landa ezker abertzaleko ordezkariak 'herriko tabernen auzia'n epaituko dituzten 36 pertsonak absolbitzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Landaren hitzetan, gaur hasitako makroepaiketa "politikoa" da. "Espainiako Gobernuak ez du oraindik onartu ezker abertzalea legezkoa izatea", gaineratu du.

Auzitegi Nazionaleko atean egin ditu adierazpenak Landak, Xabier Mikel Errekondo, Maite Ariztegi eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuekin batera. Auzipetuek pankarta handi bat erakutsi dute, 'Libre' hitzarekin. "Euskal Herrira bueltatzea da gure nahia, bake prozesuaren alde lan egiten jarraitzeko eta, lehenbailehen, bakegintza eta demokrazia egoera lortu ahal izateko. Aspaldi hasi ginen lanean helburu hura lortzeko", esan du.

Landaren iritziz, honakoa "ezohiko" astea da Auzitegi Nazionalarentzat, "izaera politikoa duten makroepaiketak" direla medio. 'Herriko tabernen auzia'z gain, Segiren aurkako epaiketa aipatu du ezker abertzaleko ordezkariak.

Bestalde, gaur hasi duten makroepaiketa "onartezina eta eskandalagarria" dela salatu du Julen Arzuaga Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariak, eta horiei leporatzeko "deliturik" ez dagoela azpimarratu du, Gasteizen egin duten elkarretaratzean.

Protesta horretara EH Bilduko 21 ordezkariak joan dira, eta epaiketa politikoen eta Auzitegi Nazionalaren aurkako pankarta bat erakutsi dute.

Epaiketa gaur hasiko da

ETAren finantziazioaren eta herriko tabernen arteko ustezko lotura ebatziko duen epaiketa ostegun honetan hasi da, Auzitegi Nazionalean, Baltasar Garzon epailea sumarioaren izapideak egiten hasi zenetik hamaika urte bete direnean eta Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia auzi horretatik at utzi ostean. Otegi Bateragune auziagatik zigortu dute dagoeneko.

Epaiketak otsailera arte iraungo du, Auzitegi Nazionaleko egoitzan, San Fernando de Henaresen (Madril), eta 36 pertsona eseriko dira akusatuen eserlekuan, banda armatuko kide izatea egotzita.

Besteak beste, Joseba Permach (gaur deklaratuko du) eta Rufi Etxeberria Batasuneko buruzagi ohia epaituko dituzte. Fiskaltzak hamabina urteko kartzela-zigorra eskatuko du horientzat. Otegi, Jose Luis Elkoro, Josefa Mikel Garmendia eta Josu Imanol Kortazar Pipaon auzitik kanpo utzi zituzten.

Vicente Gonzalez Mota fiskalak hamarna urteko espetxe-zigorra eskatu du ezker abertzaleko beste 20 kiderentzat, ETAko kide izatea leporatuta, eta zortzina urteko zigorra eskatu du gainerako inputatuentzat.

2002-2010

Baltasar Garzon epaileak 2002an zabaldu zuen sumarioa, eta 2008an bukatu, eta Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari igorri zion 2010ean.

Hasiera batean, 43 auzipetu zeuden, baina, esan bezala, lau kanpoan utzi zituzten, eta beste hiru ez dituzte epaituko: Jon Idigoras 2005ean hil zen; Jose Antonio Urrutikoetxea, Josu Ternera, ihes eginda dago, eta Jon Salaberria preso dago Frantzian, 2008ko maiatzetik. Beraz, 36 auzipetuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea