Politika -

Babes helegitea

Atutxa auzia Konstituzionalera iritsi da, bost urteren ondoren

2008. urtean, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Atutxak, Knorrek eta Bilbaok aginte judiziala "desobeditu zutela", Sozialista Abertzaleak Legebiltzarreko taldea ez zutelako desegin.

Juan Maria Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr.
Juan Maria Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorr.
Atutxaren babes-errekurtsoa, aztergai Konstituzionalak

0:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atutxa auzia Auzitegi Konstituzionalera iritsiko da gaur, bost urteren ondoren, Juan Maria Atutxa Legebiltzarreko presidente ohiak eta Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao Legebiltzarreko Mahaiko kideek bere egunean jarritako babes helegitea aztertzeko. Konstituzionalaren erabakiak orain bost urte Auzitegi Gorenak ezarritako Botin doktrinari ere eragin diezaioke.

2008. urtean, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Atutxak, Knorrek eta Bilbaok aginte judiziala "desobeditu zutela", Sozialista Abertzaleak Legebiltzarreko taldea ez zutelako desegin (2003. urtean Batasuna legez kanpo utzi zuten).

Horrenbestez, urte eta erdian kargu publikorik izatea debekatu zion Atutxari, eta 18.000 euroko isuna ezarri zion. Knorri eta Bilbaori urtebeteko kargugabetzea eta 12.000 euroko isuna ezarri zien.

Atutxak, Knorrek eta Bilbaok babes helegitea jarri zuten Auzitegi Konstituzionalean, eta gaur auzitegi horretako osoko bilkurak aztergai izango du aipatu errekurtsoa.

Kontituzionaleko iturriek jakitera eman dutenez, litekeena da gaur auziaren muinean ez sartzea eta Legebiltarreko Mahaiko ordezkarien eskubideak urratu ziren bakarrik aztertzea.

Atutxaren, Knorren eta Bilbaoren abokatuak Botin doktrina ezartzeko eskatu zion Gorenari, hau da, auzi bat herri akusazioaren eskariaren bidez bakarrik martxan jartzea debekatzea (Manos Limpias sindikatuak bakarrik jarri zuen honakoa). Auzitegiak ez zuen eskaera aintzat hartu.

Auzitegi Gorenak 2007ko abenduan ezarri zuen Botin doktrina. Auzitegi Nazionalak uko egin zion Santander bankuko presidente Emilio Botinen aurkako epaiketa bat herri akusazioaren eskariz soilik abiatzeari, eta erabaki hori berretsi zuen Gorenak.

Atutxaren kasuan, berriz, eskaera Manos Limpiasek bakarrik jarri arren, epaiketa egitea erabaki zuen Gorenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea