Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Egibar: 'Autogobernuaren inguruko borondatea berritu behar da'

EITBn eskaini duen elkarrizketan, erabakitzeko eskubidearen "ariketa gainerako alderdi politikoekin adostearen" alde agertu da.

Joseba Egibar. Artxiboko irudia
Joseba Egibar
Joseba Egibar. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar "Euskal Herriaren borondate politikoa berritzearen" alde agertu da. "Eskubide demokratikotzat" jo du hori Egibarrek eta "gainerako alderdi politikoekin adostearen" aldeko apustua egin du.

EITBn eskaini duen elkarrizketan, Egibarrek Gernikako Estatutua ekarri du gogora. "Bertan jasotzen denez, Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazgarri, autonomia erkidegoan bilakatzen da", esan du. "Lege hori onartzeak ez du esan nahi, ordea, euskaldunek dagozkien eskubideei uko egiten dienik", adierazi du.

EAJko ordezkariaren aburuz, "hainbat saiakera egon dira, horien artean Madrilgo Gorteek 2004an atzera bota zuten Estatutu Berria". "Euskal Herriaren izatearen oinarrien inguruko borondate politikoa berritzeko unea heldu da", gaineratu du.

"Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela uste dugu, eta erabakitzeko eskubideak era abstraktuan ez duela ezertarako balio. Eskubide hori gainerako alderdi politikoekin adostu behar da", gaineratu du.

"Badira egungo estatusa nahikoa dela eta horren azpitik egon behar dugula uste dutenak, PSEren eta PPren modura, Gernikako Estatua ez baitute bete", gogoratu du.

EH Bilduri ere aipamena egin dio Egibarrek, "haien aburuz Eusko Legebiltzarra ez da markoa moldatzeko ekimenak bultzatzeko zilegitasuna duen erakundea".

"EAJk neurtzen daki, kontatzen daki eta badaki nola jokatu", azpimarratu du. "Euskal Herriaren borondate politikoa berritzea da gure nahia, hori da proposatzen dugun eztabaida demokratikoa", esan du.

‘Ibarretxe Plana’ ere gogora ekarri du Egibarrek. "Egun ez du baliorik, nahiz eta erreferentzia bat izan", esan du. "EAJk printzipio demokratikoan sinesten du, eta printzipio demokratiko bat da guk Euskal Herriaren borondate politikoa berritu nahi dugula", amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Joseba Egibar Artola albisteak