Politika -

Aldekoaren izendapena

'Tristura eta ezintasuna' sentitu dutela diote Cabacasen gurasoek

''Erabakia hartu dutenek nekez ulertuko dute sentitzen dugun tristura eta ezintasuna'', esan dute Iñigo Cabacas gaztearen gurasoek, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru izendatu dutela jakin ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru berriaren izendapenak ''tristura eta ezintasuna'' eragin diela aitortu dute Iñigo Cabacas gazte bizkaitarraren gurasoek. Iñigo Cabacasen heriotzaren unean Bilboko polizia-etxeko arduraduna zen Aldekoa, eta egun lau agente daude inputatuta, hiru karga egiteagatik eta laugarrena agindua emateagatik.

Komunikabideei helarazitako idatzi batean, Manu Cabacas eta Josefina Lizeranzu Iñigoren gurasoek azaldu dute ez dakitela Aldekoak beren semearen heriotza eragin zuten gertaeretan ''erantzukizun mailaren bat'' duen. ''Komunikabideek diotena dakigu: Bilboko Ertzaintzaren polizia-etxeko arduraduna zela eta Iñigoren heriotza eragin zuen agindua bertatik eman zela'', adierazi dute. ''Erabakia hartu dutenek nekez ulertuko dute sentitzen dugun tristura eta ezintasuna, oraindik erantzukizunak argitu gabe dauden une honetan'', gaineratu dute.

Gaztearen gurasoek, halaber, kritikatu egin dute Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzordea ez abiatzea erabaki izana, eta ''kolpe latza'' izan dela esan dute. ''Ez genuen ulertzen, eta hainbat galdera egiten genizkion geure buruari: Gezurra esan al ziguten Legebiltzarrean? Egingo ez zutela jakin bazekiten zerbait esan al ziguten? Eta... hala izan bazen... Zergatik egin zuten?'', esan dute.

Gurasoek azpimarratu dutenez, ikerketa batzordearen eskaera eurena izan zela, eta ez Bilduren.

''Bigarren mailako herritar sentitzen gara, eta askotan galdetzen diogu geure buruari jasotzen dugun arreta eta gure eskarien emaitza berdinak izango ote zire gure semea Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil izan ez balitz''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea