Politika -

Espetxe politika

Sevilla II espetxeko presoek gose greba utzi dute, 31 egunen ostean

ETAko presoek "osasun arazoak" tarteko utzi dute gose greba, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Familiak eta lagunek manifestazioa deitu dute larunbaterako, Bilbon.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sevilla II espetxean gose greba abiatu zuten ETAko 13 presoek bertan behera utzi dute baraualdia, 31 egunen ostean, "osasun arazoak" tarteko, Etxerat elkarteak baieztatu duenez.

Presoek baldintza "duinak" eta zerbitzu mediko "egokia" eskatzeko hasi zuten greba. Izan ere, presoen senideen eta lagunen elkarteak salatu zuenez, "bakartze moduluan" dituzte "beti", ez diete jarduerarik egiten uzten, eta "uneoro araketak" egiten dizkiete.

Gose greba amaitu badute ere, Sevilla IIko egoera "ez da inondik inora aldatu", Etxeraten arabera, eta, beraz, "presoen eskubideen alde lanean jarraitzeko" deia egin du.

Hauek egon dira baraualdian: Iker Agirre, Jabi Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Iñaki Arakama, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo Lasa Mitxelena, Roberto Lebrero eta Urtzi Paul Larrea.

ETAko eta ezker abertzaleko presoak biltzen dituen kolektiboak (EPPK) Sevilla IIko presoen izenean Gara eta Berria egunkariei igorritako agiri batean nabarmendu duenez, grebak "egoeraren larritasuna ezagutaraztea" ahalbidetu du, eta "lehentasuna isolamendutik irtetea" dela gaineratu du.

Baraualdiak iraun duen bitartean, Amaiurreko ordezkari batzuek presoak bisitatu zituzten. Gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek horien eskubideak errespetatzea eskatzeko adierazpen bat onartu zuen, Bilduren, EAJren eta PSE-EEren botoekin.

Manifestazioa deitu dute larunbaterako

Hain justu, Sevilla II kartzelako presoen senitartekoek, lagunek eta auzokoek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako Bilbon. Martxaren helburua presoen eskubideak defendatzea, Euskal Herrira hurbiltzea eta "irtenbidea" eta "bakea" eskatzea da.

Amaigoia Santacoloma eta Eider Menika bozeramaileek Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, Sevillako kartzelan "urteak daramatzate tentsio handiko giroan, presoek muturreko bizi baldintzak dituzte: isolamenduak, gehiegizko miaketak eta ukitzeak jasan dituzte eta jipoi bat ere egon da".

Horien hitzetan, protesta ekitaldiekin "modu batera edo bestera eta euren osasuna arriskuan ipinita" bat egin duten 13 presoek "egoera larria" bizi dute. Presoek "konponbiderako bide guztiak urratu ondoren" hartu dute protestarako erabakia, horien arabera, eta, horren harian, espetxeko zuzendariaren jarrera salatu dute: "Harekin egindako elkarrizketa guztiak alferrik izan dira".

Bestalde, presoek jaso dituzten "elkartasun mezuak eta babesa" txalotu dituzte, eta Bilbon azaroaren 30ean, 17:30ean, Moyua plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 'Euskal preso politikoen eskubideen defentsan. Giza Eskubideak. Irtenbidea. Bakea' leloa izango du manifestazioak. "Isolamendu eta sakabanaketa politikei amaiera eman behar diegu. Konponbidean eta presoen eskubideen aldeko defentsan aurrera egin behar dugu", esan dute protesta deitu dutenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea