Politika -

EPPK

Epaileak espetxera bidali ditu EPPK-ko zortzi bitartekariak

Eloy Velasco epaileak autoan dioenez, atxilotuek frogak suntsitu zituzten eta hiruk ihes egin nahi izan zuten Guardia Zibila Bilboko bulegoan sartu zenean.

Atxilotuak iritsi dira Audientzia Nazionalera

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko astean atxilotutako EPPK-ko zortzi bitartekariak baldintzarik eta bermerik gabe kartzelatzeko agindua eman du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak, epaitegiko iturriek jakitera eman dutenez.

Miguel Angel Carballo fiskalaren eskaria onartu du horrela. Carballok ihes egiteko eta frogak deuseztatzeketao arriskuagatik eskatu du neurria, epaileak, atxilotuak galdekatu ostean, aintzat hartu du.

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de la Calle, Miren Aintzane Orkoaga, Jose Miguel Almandoz, Asier Aranguren eta Jose Luis Campo arratsaldean eramango dituzte Soto del Real espetxera.

Autoa

Eloy Velasco epaileak autoan dioenez, atxilotuek frogak suntsitu zituzten eta hiruk ihes egin nahi izan zuten Guardia Zibila Bilboko bulegoan sartu zenean. Azaldu duenez, agenteek "nahita txikitutako pen-drive bat" aurkitu zuten, eta atxilotuak dokumentuak suntsitzen ari ziren.

Gainera, "euskarri informatikoak aurkitu zituzten kuxinetan ezkutatuta", eta ETAk abenduan presoei helarazitako agiri bat ere atzeman omen zuten.

Hori dela eta, epaileak erakunde terroristako kideak izatea leporatzen die.

Epaileak autoan salatu duenez, abokatuen bulegoetan ustez "Koordinazio Taldea (KT)" osatzen zuten atxilotuek egindako bilerak "ezkutukoak" ziren, eta horrek agerian uzten du autonomia nahikoa zutela "ETAren beste alor bat" osatzen dutela pentsatzeko.

Bestalde, Valescok Zuluetari eta Enparantzari leporatu die taldearen "buruzagiak" izatea, eta H-Alboka auziagatik auzipetuta badaude ere, oraingoak "ETArekiko lotura desberdina" frogatzen duela azpimarratu du.

Gainera, Naia Zurriarain inputatu du epaileak erakunde terroristako kide izatea egotzita, eta datorren ostegunerako deitu du deklaratzera Asier Arzalluz Goñi presoari ETAren agiri bat helarazteagatik.

Lotura 'Tantaz tanta' ekimenarekin

Epaileak autoan azaltzen duenez, irailean Herrira plataformaren jarduera bertan behera geratu ostean, 'Tantaz tanta' ekimenak hartu zuen erakunde horren papera Koordinazio Taldeak aginduta.

Velascoren arabera, KT-k "2014-01-11rako deituta zegoen presoen aldeko mobilizazio nazionala igaro ondoren erakunde berri bat osatzen den arte, bere jarduerarekin jarraitzea eskatzen dio Herrirari".

Ez dira inkomunikatuta egon

Zortzi atxilotuak Guardia Zibilaren egoitzan egon dira gaur goizera arte, baina ez dira inkomunikatuta egon. Larunbatean uko egin zioten Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari.

ETAko preso ohiek Durangoko ekitaldi batean egindako kaltea aitortu eta EPPK-ko presoei, bide judizialak eta egindako mina onartu berri, babesa agertu eta bost egunera izan ziren atxiloketak.

Eztabaida Legebiltzarrean

Eusko Legebiltzarrak EPPK-ko bitartekarien atxiloketen kontrako ekimen bat eztabaidatuko du asteazkenean, Mahaiak EH Bilduren proposamena onartu ostean.

EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk onartu dute debatea bideratzea, eta PP kontra agertu da. Borja Semper bozeramaile popularraren ustez, "lotsagarria" da erakunde horrek polizia-operazio baten legezkotasunaren inguruan hitz egitea.

Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkide bakarra ez dago Mahaian, baina berak ere "lotsagarri"tzat jo du erabakia; izan ere, horren ustez, EH Bilduren proposamena "ez da inola ere premiazkoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea