Politika -
Ezker abertzaleari
Erkoreka: 'Proposamenarekin ez dugu ETAren amaiera ordenatua lortu'
Erkorekak esan du Urkulluk ez duela oraindik Rajoyren erantzunik jaso. Bilera horretan, bizikidetzaz gain, Kupoaren, eskumenen eta AHTaren auziak mahai gainean jarriko dituzte.
Erredakzioa
Urrian ezker abertzaleari aurkeztutako bake proposamenarekin ETAren “amaiera ordenatua” lortu nahi zutela zehaztu du gaur Josu Erkoreka bozeramaileak.Esperoko emaitza izan ez badu ere, Jaurlaritzak bere horretan jarraituko duela azpimarratu du.
Gaur Erkorekak azaldu duenez, proposamen horrek ez du “aurreikusitako emaitza” izan, “Jaurlaritzak espero zuen ETAren amaiera ordenatua ez baita gertatu”. Gainerako alderdi politikoek proposamenaren berri zutela nabarmendu du bozeramaileak.
“Hale ere, Jaurlaritzak bere horretan jarraituko du, ekimen gehiago martxan jarriko dugu helburu hori lortzeko. Orain arte ez du helburua bete, baina ekimena mahai gainean dago oraindik”, azpimarratu du.
Joseba Permach (Sortu) Jaurlaritzari erantzukizunez jokatzeko eskatu dio, “elkarrekin” bakea bermatu ahal izateko.
Proposamen horren inguruan mintzatu da gaur Borja Semper EAEko PPko bozeramailea. “Atentatuak egiten zituenean ere, Zuzenbide Estatuak ez ziola ETAri ezer eman” gogoratu du Semperrek eta, horrenbestez, “hiltzen uzteagatik ere” ezer ez ematea eskatu du.
Ezker abertzeleari “zentzuzkoak diren hainbat gauza eskatzea” kritikatu du Semperrek, tartean “legez kanpokoa den talde terrorista bati desarmea eskatzea”.
PSE-EEk ez du oraindik Jaurlaritzaren proposamenaren inguruko adierazpenik egin, baina Legebiltzarrean dokumentuari buruzko ekimen bat aurkeztuko duela iragarri du. EH Bilduk ere ez du balorazio publikorik egin.
Rajoyrekin bilera
Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoyri abenduan eskatu zion hitzordua "behin eta berriro" atzeratzea leporatu dio Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Espainiako presidenteari. Erkorekak adierazi duenez, hainbat gairi "berehalako erantzuna" eman behar zaie, eta, besteak beste, Kupoaren negoziazioa, Abiadura Handiko Trena edota oraindik transferitu gabe dauden eskumenak aipatu ditu.
Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian, Erkorekak esan du Urkulluk ez duela oraindik Rajoyren erantzunik jaso. "Orain arte, ez dugu bilera hori egitea lortu, baina hitzordua egiteko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute", gaineratu du.
Erkorekak azpimarratu duenez, bakea eta bizikidetza jorratzeaz gain, bilera horretan beste hainbat gai aztertu beharko dituzte: "Kupoaren kalkulua eta negoziazioa, oraindik transferitu gabe dauden eskumenak, Espainiako Gobernuaren legedia edota Abiadura Handiko Trena, esaterako".