Politika -

Euroitunaren bozketa Frantzian

Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko proposamena onartu dute Asanblean

Aldeko 361 boto lortu ditu euroituna berresteko proposamenak. Gobernuaren esku dago orain proposamenaren lege-proiektua aurkeztu eta konstituzioa aldatzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestea onartu du astearte honetan Frantziako Asanblea Nazionalak, aldeko 361 botorekin. 529 diputatuetatik 510ek bozkatu dute: 361ek alde eta 149k, berriz, kontra. UMPko zenbait diputatuk ere aldeko botoa eman dute.

Hilaren 22an hasi zen Frantziako Asanblean euroituna berresteko eztabaida, eta astearte honetan heldu da behin betiko ebazpena. Zehazki, Konstituzioari 53.3 artikulua gehitzea da lege proposamen horren asmoa, 1992ko azaroaren 5eko Hizkuntza Gutxituen Ituna berresten dela esateko.

Gaurko bozketarekin indarrak neurtu nahi zituzten, eta sozialistek beren helburua lortu dute: diputatuen hiru bostenen baiezkoa lortu dute. Gobernuaren esku dago orain proposamenaren lege-proiektua aurkeztu eta konstituzioa aldatzea.

Konstituzioaren aldaketa

Asanblearen babesa ez ezik, Senatuarena ere behar du lege egitasmoak, gero erreferenduma egiteko. Hori litzateke prozedura arrunta.

Gobernuak, ordea, badu beste aukera bat: erreferenduma deitu ordez, proposamena bere egin eta lege-proiektu konstituzionala Kongresuan aurkeztea. Hor botoen hiru bostenak lortu beharko lituzke, diputatuak eta senatariak bilduta.

Kritikak Iparralden

Aferaren iturburuan dagoena artikulu horretan esaten diren beste bi gauza dira: hiztun taldeek, talde izateagatik, eskubiderik ez dutela esaten da, batetik; eta Administrazioan frantsesa erabiliko dela, bestetik.

Euskaltzaleen ustez, bi baieztapen horiek euskararen kalterako dira, eta, beraz, berrespen proposamenari ezezkoa ematea eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea