Politika -

Krisi politikoa Nafarroan

Goicoecheak onartu egin ditu Nievesen salaketa batzuk

Ekonomia kontseilariak aitortu du zergadunen informazioa eskatu ziola Ogasun arduradun ohiari eta bezero ohi bati egin behar zioten inspekzioa atzeratzeko esan ziola.

Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilaria. Argazkia: EiTB
Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilaria.
Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilaria. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiaren salaketei erantzun die, eta azalpenak eman ditu Nafarroako Kutxaz, Unibertsitateaz, Osasunaz, BEZaren itzulketaz eta zergadun baten ikuskapenaz.

Hala, Nafarroako Kutxaren inguruan Justiziak eta Parlamentuak Gobernuari informazioa eskatzen ziola eta, Nievesi erakundeko kontseilarien eta aholkularien datuak kontsultatu ahal izatea eskatu ziola aitortu du Goicoecheak.

Bestalde, bere zerga-aholkularitza enpresako bezero baten zerga ikuskapena atzeratzea proposatu zuela aitortu du. Goicoecheak azaldu duenez, bezero hori oso egoera "zailean" zegoen, kudeatzen zuen enpresan lan-istripu larria izan zelako, eta horregatik eskatu omen zuen ikuskapena atzeratzea.

Horrez gain, onartu egin du Nievesi bidalitako mezu elektroniko batean "putakeria" gisa definitu zuela Nafarroako Unibertsitateko langileen seme-alabei doan emandako matrikulen inguruko ikuskapena abiatzea.

Hala ere, gezurtatu egin du Osasuna taldearen zorraren inguruan "beste alde batera begiratu" izana, eta kargua hartu ondoren egin zuen "lehenengo gauza" klubaren presidenteari deitu eta zorra ordaindu behar zutela esatea izan zela azpimarratu du.

Azkenik, BEZaren itzulpena atzeratzeko prozesua bera kargura iritsi aurretik abiatu zela, eta gero neurri horri "defizitaren helburua betetzeari lehentasuna" emateko eutsi ziotela azaldu du, baina ez du zehaztu zenbateko diru-galera eragin duen horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea