Politika -

Abortuaren legearen erreforma

Celia Villalobosek abortuaren erreformaren aurka bozkatu du

PPko beste bi diputatuk, PSOEk eta oposizioko gainerako alderdiek Alberto Ruiz-Gallardonek bultzatutako abortuaren legearen erreformaren aurreproiektua baztertzearen alde egin dute.

Celia Villalobos, Kongresuan. EITB.
Celia Villalobos, Kongresuan. EITB.
Abortuaren erreforma, aurrera bere tramitazioan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Celia Villalobos Kongresuko presidenteorde eta PPko diputatuak, PSOE eta oposizioko gainerako alderdiekin batera, Alberto Ruiz-Gallardonek abortuaren legea aldatzeko bultzatutako erreformaren aurreproiektuaren aurka bozkatu du gaur. Kongresuko Osoko Bilkurak, PP, UPN eta Unió alderdien babesarekin, Ezker Anitzak aurkeztutako mozioa baztertu du.

Bi bozketa egin dituzte. Lehenengoan, 'emakumeen eskubideen aurka ez egiteko eta gaur egungo legeari modu murriztailean ez eragiteko' eta, aldaketak egitekotan, emakumeei eskubide gehiago emateko eskatzen zuten. Guztira 312 diputatuk eman dute botoa: 125 diputatuk aldeko botoa eman dute (Celia Villalobos, PSOE, Ezker Anitza, UPyD, EAJ eta Talde Mistoko kideak); 186k (PP, CIU), kontrakoa, eta Sabino Cuadra (Amaiur) abstenitu egin da. Bigarrenean, 'Ministro Kontseiluak aurkeztutako zirriborroa baztertzea' eskatzen zen. 311 diputatuk eman dute botoa: 136k alde bozkatu dute eta 175ek kontra. Azpiroz eta Romero PPko diputatuak nahastu egin dira eta aldeko botoa eman dute, PSOE, Ezker Anitza, UPyD, EAJ, Talde Mistoa eta CIUko diputatuekin batera.

Abortuaren inguruko bozketa egin aurretik, eta kazetarien galderei erantzunez, "PPk inor ez du ezustean harrapatzen", esan du Alfonso Alonsok. "Guk lanean dihardugu, eta, oro har, aurreikusteko modukoak gara", gaineratu du.

Celia Villalobos diputatuaren botoaz galdetuta, ezustekorik ez zuela espero adierazi du Kongresuko popularren bozeramaileak; izan ere, Villalobosek bere jarrera "argi azaltzen du beti".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Albisteak gaur