Politika -

POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA

Bildu Nafarroako Gobernura heltzea ekiditeko eskatu dio UPNk Rajoyri

Geroak Baik, berriz, UPNren "beldur apokaliptikoak" errefusatu ditu eta hauteskundeak izango direla berretsi du. Mariano Rajoyk esan du Nafarroan ez dela ustelkeriarik izan eta UPNri babesa eman dio.

Carlos Salvador (UPN).
Carlos Salvador (UPN).
'Euskaldunak datoz' dioen mamua piztea kritikatu du Barkosek

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Salvador UPNk Kongresuan duen diputatuak Mariano Rajoyri laguntza eskatu dio, "ETA 50 urtez hiltzen aritu ostean, ezker abertzaleak Nafarroako Gobernua eskura ez dezan, horrek Espainiaren zatiketa ekarriko baitu".

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak, berriz, adierazpen "apokaliptikoekin" izua zabaldu nahi izatea leporatu dio UPNri. "Demokrazia geldiezina da eta, aurten ez bada, datorren urtean nafarrak bozkatzera joango dira, hainbeste gehiegikeri eta gero".

Politika orokorreko eztabaidaren bigarren saioan, UPNk eta Geroa Baik Nafarroan bizi den krisi politikoa izan dute hizpide. UPNk ezker abertzaleak boterea eskuratu dezakeela ohartarazteko erabili du bere tartea; Uxue Barkosek, ostera, gai ekonomikoak eta sozialak jorratu ditu, UPNren helburua "alarma" sortzea besterik ez delako.

UPN: 'Nafarroaren sakrifizioa ekidin behar da'

Carlos Salvadorren esanetan, "ezker abertzaleak operazio bat abian dauka" Nafarroako Gobernura heltzeko.

"Rajoy jauna, Nafarroaren sakrifizioa ekidin behar duzu, abertzaleen interesak gauza ez daitezen; Nafarroa bidegurutze batean dago, askatasunaren eta ETAren ondorengoek ezarri nahi duten inpunitatearen arteko bidegurutzean", nabarmendu du.

"Nafarroaz hitzegitea, Espainiaren etorkizunaz hitzegitea da, eta une honetan, ETA 50 urtez hiltzen aritu ostean, ezker abertzalea Nafarroaren jabe egiteko arriskua dago", erantsi du.

Amaitzeko, UPNren Gobernuan ustelkeria kasurik ez dagoela adierazi du eta PSNren jarrera deitoratu du, UPN Gobernutik kanporatzeko asmoz ezker abertzalearekin bat egiteko prest dagoelakoan.

Geroa Bai: 'Hauteskundeak izango dira, bai ala bai'

Bestalde, Uxue Barkosek Carlos Salvadorren adierazpenak kritikatu ditu eta, "batzuk izua zabaldu nahi duten arren", Nafarroan, aurten edo gehienez datorren urtean, hauteskundeak izango direla nabarmendu du, "demokrazia geldiezina delako eta hainbeste gehiegikeriaren aurrean nafarrek zeresana dutelako".

UPNren Gobernua "ustelkeriaren itzalpean" dago, "baina ez dute borondaterik egia argitzeko", salatu du.

"Adierazpen apokaliptikoak eginda, PSOEri presio eginez nahiz arerio politikoaren inguruko gezurrak esanez, ez dute demokrazia geldiaraziko eta hauteskundeak izango dira, bai ala bai", erantsi du Barkosek.

Horrez gain, eta atzo Mariano Rajoyk egindako diskurtsoari aipu eginez, Barkosek ondokoa galdetu dio: 'Nor doa Hornos lurmuturra igarotzeko ontzian? Ontzi horretan gizartea ez dago, bidaiari gutxi doaz, banketxe handiak eta konpainia elektrikoak bakarrik".

Rajoyk ezarritako neurriak gizartearen babesik ez dutela gogoratu du Barkosek. "Jaitsi eta entzun herritarrek eskatzen dutena", esanez bukatu du agerraldia.

Rajoy: 'Nafarroan ez da ustelkeriarik izan'

UPNri eta  Geroa Bairi erantzuteko txandan, Mariano Rajoyk esan du Nafarroan ez dela ustelkeriarik izan eta batzuk boterea lortzeko edozer egiteko prest daudela.

"Argi utzi nahi dut zuk esandakoarekin bat natorrela", esan dio Rajoyk Salvadorri.

"Bat nator Nafarroan ustelkeriarik izan ez dela esaterakoan; bat nator batzuk boterea lortzeko edozer egiteko prest daudela esaterakoan; eta bat nator Nafarroa forala eta espainiarraren alde egin behar dugula esaterakoan", azpimarratu  du.

Uxue Barkosek egindako irakurketa, berriz, konpartitzen ez duela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy berriak