Politika -

Elkarrizketa ETB-n

Erkoreka: 'Foroaren kontrako jarrerak zilegiak dira; indarkeria, ez'

Ertzaintzak jaso dituen kritiken harira, Erkorekak esan du ikerketa bat irekita dagoela eta datu guztiak eskuartean dituztenean, Estefania Beltran de Heredia sailburuak azalpenak emango dituela.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Erkoreka: 'Ezin dira indarkeriazko jarduerak justifikatu'

G. Palacios | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du joan den astelehenean Bilboko goi-bilera ekonomikoaren harira izan ziren istiluak "onartezinak"  direla. "Foro ekonomikoaren kontrako jarrerak zilegiak dira, baina indarkeria ekintzak onartezinak dira", erantsi du.

"Euskadin, tamalez, behin baino gehiagotan izan ditugu horrelako gertakariak.  Indarkeriazko ekimenak irmotasun guztiz arbuiatu behar dira, baina badirudi batzuei oraindik kostatu egiten zaiela indarkeriatik aldentzea", adierazi du EH Bilduri aipu eginez.

"Horrelako gertakariak ezin daitezke ulertu, ezta justifikatu ere. Foroaren kontrako adierazpenak egiteko askatasuna izan behar da, baina bide baketsuak eta demokratikoak erabiliz; onartezina da errurik ez duten pertsonei kalteak eragitea", azpimarratu du gaur ETBn egindako elkarrizketan.

"Denonak diren ondasun publikoak (autobusak, zaborrontziak...) horrela suntsitzea eta dendariei eta ostalariei eraso egitea ulertezina da", erantsi du.

Ertzaintzari kritikak

Bilboko istiluetan Ertzaintzak martxan jarritako dispositiboa zuzena izan zen ala ez galdetuta, Erkorekak adierazi du ikerketa bat abian dagoela eta datu guztiak izan ostean atera behar direla ondorioak.

"Iritzi guztiak zilegiak dira, baina guk datuak behar ditugu. Ikerketa amaitu gabe dago eta bukatuta dagoenean Segurtasun sailburuak gertakarien inguruko xehetasun guztiak emango ditu", adierazi du.

"Kalean istiluak daudenean, alde batetik edo bestetik, Ertzaintzak beti jasaten ditu kritikak. Komunikabide batzuek Ertzaintzaren dispositiboa gehiegizkoa zela esaten zuten bitartean, beste batzuek dispositiboa egokia izan ez zela esaten zuten", deitoratu du.

Goi-bilera ekonomikoari dagokionez, Erkorekak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza ez zela foro horren bultzatzaile izan, baina erakunde bezala bertan egon behar izan zela.

Ildo horretan, Jaurlaritzak goi-bileran egin zuen irakurketa ezberdina izan zela nabarmendu du. "Europako eta Madrilgo agintariek neurri murriztaileak bide onean jarri gaituztela zioten bitartean, Iñigo Urkulluk eredu ekonomiko sozialagoaren alde egin zuen, murrizketak utzi eta pizgarriak ezartzeko garaia dela aldarrikatu zuen. Lehendakariarena mezu orekatuagoa eta sozialagoa izan zen", azaldu du.

Bake-prozesua

Bestalde, ETAren armagabetze prozesuari buruz baikor agertu da Erkoreka. "ETAk, lehen Espainia eta Frantziako Gobernuekin negoziatu nahi zuen, baina orain aldebakarreko bideari ekin dio eta armagabetze prozesuari ez dizkio baldintzak jarri", esan du.

Ildo horretan, "ETAk urrats kualitatiboa eman du aurrekoan zabaldutako bideoarekin. Arma kopurua kontuan hartu gabe, ETAk armagabetze prozesua hasi duela eta prozesu hori azkenera arte eramango duela esan duela hartu behar da kontuan; eta hori positiboa da", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea