Politika -

EAE-KO PP-KO KONGRESUA

Manuel Uriarte (PP): 'Nire erabaki pertsonala izan da'

PPko presidenteak egin zion eskaintza familiarekin eta "alderdiko kide askorekin" ondo aztertu ondoren hartu zuela erabakia esan die kazetariei.

Uriarte: 'Erabaki pertsonala izan da' (jatorrizkoa gazteleraz)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Uriarte Gasteizko Ogasun zinegotziak uko egin dio Arantza Quirogak PPko idazkari nagusia izateko egin zion eskaintzari. Gaur azaldu duenez, hartutakoa "erabaki pertsonala" izan da, eta ez du argitu nahi izan erabakia hartzeko Alfonso Alonso Arabako PPko presidentearen "argibideak" jarraitu dituen.

Uriartek agerraldia egin du gaur goizean Gasteizeko Udalean, Quirogaren eskaintzari uko egin ondoren.

Beragan jarritako "konfiantza" eskertu dio Uriartek Quirogari, eta EAEko PPko presidenteak egin zion eskaintza familiarekin eta "alderdiko kide askorekin" ondo aztertu ondoren hartu zuela erabakia azaldu die kazetariei. "Azkenean, erabaki pertsonala izan da", berretsi du.

Uriarteren hitzetan, ez litzateke "bateragarria" izango Ogasun zinegotzi lanetan jarraitzea alderdiko zuzendaritzan dagoen bitartean, eta, horrenbestez, eskaintzari uko egitea erabaki du. "PPrentzat eta Gasteizko herritarrentzat erabilgarriagoa da ni hemen egotea", gaineratu du.

Azken egunetan gai horren inguruan "askotan" mintzatu da, Alfonso Alonsorekin, besteak beste; izan ere, alderdiko "kide askorekin" hitz egin ondoren, eskaintzaren aldeko eta kontrako arrazoiak "sakon" aztertu dituela nabarmendu du.

Proposamena asteburuan jaso zuela eta Quirogari asteartean erantzun ziola esan ondoren, Uriartek ez du argitu Alonsok eskaintzari uko egitea eskatu dion ala ez, baina "alderdiko kargu guztiekin" hitz egin duela azpimarratu du. "Kasu guztietan, kide horien babesa jaso dut", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea