Politika -

Kataluniako subiranotasuna

Konstituzionalaren epaiak 'ez du aterik ixten', Erkorekaren ustez

Auzitegi Konstituzionalak aho batez errefusatu du Kataluniako Parlamentuak 2013an onartutako subiranotasun adierazpena. Bertan, "subjektu subirano juridikotzat eta politikotzat" jotzen zen Katalunia.

Jose Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Jose Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Jose Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren aburuz, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak "ez du erabat aterik ixten"; izan ere, bertan adierazten denaren arabera, "esparru legalean eta konstituzionalean", "aldarrikapen politiko guztiak bideratu, defendatu eta adostu daitezke".

Bilboko Merkataritza Ganberaren ekitaldi batean parte hartu aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilean onartutako subiranotasun-adierazpenaren inguruan Auzitegi Konstituzionalak kaleratu duen ebazpena aztertu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin du Katalunia "subjektu subirano juridikotzat eta politikotzat" jotzea, baina erabakitzeko eskubidea aitortzen du, legezkotasun konstituzionalaren esparruan egiten bada.

Erkorekaren iritzian, "okerra litzateke epai horrek zerbait konpontzen duela pentsatzea"; izan ere, "Kataluniako Parlamentuaren erabakiari buruz esaten duenaz aparte, auzia erakundeetako ordezkari politikoei itzultzen die, eta argi uzten du posible dela elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako esparrua lortzea, eta beharrezkoa dela hori garatzea".

Beraz, Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, Espainiako Gobernuak "Kataluniarekin arazo bat izaten jarraitzen du".

Erkorekaren ustez, Konstituzionalaren epaian "garrantzitsuena da argi uzten duela auzitegiak ez dituela erakundeetako solaskide politikoak ordezkatuko, eta beren betebeharrak egiteko, negoziatzeko eta itunak adosteko eskatu die".

Horren harian, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, Euskadik "erronka propioak" ditu autogobernuari dagokionez, eta bihar Eusko Legebiltzarrean abiatuko den lantaldean akordio propioa bilatzeko eskatu die euskal alderdi politikoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea