Politika -

Artur Masen deklarazioa

'Parlamentua setiatu zutenean bezalako indarkeriarik ez dut ikusi'

Artur Masek Generalitateko bere bulegotik deklaratu du gaur, bideokonferentzia baten bitartez, Parlamentua setiatzeagatik egiten ari diren epaiketan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak esan du Parlamentua setiatu zuten egunean bezalako “indarkeria eta blokeo” egoerarik ez duela inoiz bizi eta ibilgailu ofizialean iritsi zenean eraso egin ziotela gogoratu du.

2001. urteko ekainak 15ean Kataluniako Parlamentua setiatzeagatik, 19 pertsona epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean, Estatuaren erakundeen aurkako delitua egotzita.

Artur Masek Generalitateko bere bulegotik deklaratu du gaur, bideokonferentzia baten bitartez. Gazteleraz deklaratu du, “itzulpenagatik egon zitezkeen arazoak saihesteko”. Epaiketaren laugarren eguna da gaurkoa.

Generalitateko presidenteak azaldu duenez, Parlamentura bere ibilgailu ofizialean iritsi zenean, elkarretaratzean zeuden pertsona batzuek kotxearen atea zabaltzen saiatu ziren eta ibilgailua kolpatu egin zuten.

Horrenbestez, beste diputatu batzuekin batera, polizia-etxe batera joan behar izan zirela nabarmendu du. Hortik, helikoptero batean diputatuak Parlamentura eraman zituzten.

“Ahalik eta normaltasun irudi handiena” ematea oso garrantzitsua zela adierazi du Artur Masek, “gertatutakoak Kataluniako irudia zikindu egiten zuelako”.

Manifestazioetara ohituta dagoen arren, egun horretan diputatuei eginiko “blokeoa” oso “berezia” izan zela adierazi du: “Hori ez dut sekula ere ikusi”.

Hala ere, garrantzitsuena egun horretako osoko bilkura egitea zela gaineratu du, bertan Kataluniako Aurrekontuei buruz eztabaidatu behar zutela argudiatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea