Politika -

Hileta Leongo katedralean

Milaka lagunek Isabel Carrascori azken agurra eman diote

Carrascok bere sorterriaren eta Gaztela eta Leonen alde egindako lana goraipatu du Julian Lopez Leongo gotzainak. Hileta amaituta, politikariaren hilkutxa txalo artean atera da katedraletik.

Isabel Carrascoren hilkutxa Leongo katedralean sartzen. Argazkia: EFE
Isabel Carrascoren hilkutxa Leongo katedralean sartzen. Argazkia: EFE
Hileta-elizkizun jendetsua egin diote Isabel Carrascori

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hileta-elizkizuna arratsaldean egin dute hiriburuko katedralean. Mariano Rajoy Gobernuko presidentea eta beste hainbat agintari bertan izan dira.

Julian Lopez leongo gotzainak, Camilo Lorenzo Astorgako gotzainak eta Jesus Fernandez Santiagoko laguntzaileak zeremonia zuzendu dute. Leongo ehunka bizilagun katedralaren kanpoaldean, Regla plazan, bildu dira.

Diputazioko langileek, dotore jantzita, PPko buruzagiaren hilkutxa katedralera eraman dute. Hilkutxa Espainiako bandera batekin eta kala zurien sorta batekin estali eta aldarearen aurrean jarri dute.

Aurreneko aulkian Carrascoren senitartekoak eseri dira. Rajoy, Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongo presidentea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidente ohia beste aulki batean eseri dira.

Carrascok bere sorterriaren eta Gaztela eta Leonen alde egindako lana goraipatu du Julian Lopez Leongo gotzainak hiletan.

Hiletak ordubete eskaseko iraupena izan du. Zoritxarreko gertakaria "aho batez gaitzetsi" dutenekin bat egin du Elizak, Lopezek azpimarratu duenez. Carrascok bere sorterriaren alde egindako lana aintzat hartzea "bidezkoa" dela azaldu du prelatuak.

Hileta-elizkizuna amaituta, politikariaren hilkutxa txalo artean atera da katedraletik.

Isabel Carrasco hileta efe

Jendetza bildu da Leongo katedralaren kanpoaldean. Argazkia: EFE

Hil-kapera

Diputazioko iturriek azaldu dutenez, 4.000-5.000 pertsonek bisitatu dute Isabel Carrascoren hil-kapera arratsaldean zehar. Herritarrek azken agurra eman diote Leongo Diputazioko presidentea izan den aurreneko emakumeari.

09:00etan prest egon behar zuen, baina azkenean 11:30ean zabaldu dute; hilkutxa orduan heldu baita. Hala ere, herritarrek 13:20etik aurrera bisitatu ahal izan dute, txalo artean Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak alde egin ostean.

Hil-kapera zabalik egon da 17:30era arte. Minutu batzuk geroago itxi dute presidentearen hilkutxa katedralera eramateko.

Armaren bilaketa

Polizia Nazionalek atzo Isabel Carrasco Leongo Diputatua tirokatu zuten pasalekua hesitu du, eta datozen minututan Bernesga ibaian tiroketan erabilitako armaren bilaketari ekitea espero da.

Goiz osoan, dozenaka poliziak ibaiaren bi aldeak arakatu dituzte, presidentea hiltzeko erabili zuten arma topatzeko asmoz, baina momentuz ez dute topatu, hori dela eta, ibaian bilatuko dutela espero da. Izan ere, ohikoa baino ur gutxiago daroa ibaiak, presagaina itxi dutelako.

Sekretupeko sumarioa

Leongo 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak, Isabel Carrascoren auzia ikertzen ari den epaileak, sekretupeko sumarioa ezarri du, "ikerketa ez oztopatzearren", Gaztela Leongo Auzitegi Gorenetik jakinarazi dutenez.

Aipatu iturrien arabera, Isabel Carrasco "shock batek jota" hil da eta "su-arma batez egindako eraso batek nerbioen zentroak suntsitzeagatik", behin behineko autopsiak dioenez.

Telebista debatea

Miguel Arias Cañete eta Elena Valenciano PPko eta PSOEko hautagai nagusien arteko debatea atzeratu egin dute eta, azkenik, maiatzaren 15ean, osteguna, egingo dute, bi alderdietatik informatu dutenez.

Oscar Lopez PSOEren hauteskunde kanpainaren koordinatzaileak RTVEri esan dio, bere ustean, Miguel Arias Cañete eta Elena Valencianoren arteko debatea ezin dela gaur egin, Carrascoren hilketak eragindako harriduragatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Delituak albisteak Espainia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Krimenak azken ordukoa