Politika -

Sestaoko alkatea

Josu Bergarak ez du kargua utziko, baina barkamena eskatu du

Bestalde, grabaketa duela urtebete egin zutela azaldu du Sestaoko alkateak. Bergararen hitzetan, grabaketa "manipulatu" egin dute.

Josu Bergara, Sestaoko alkatea udaletxean. Argazkia: EFE
Josu Bergara, Sestaoko alkatea udaletxean. Argazkia: EFE
Sestaoko alkateak barkamena eskatu du baina manipulazioaz hitz egin du

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Bergara (EAJ) Sestaoko alkateak barkamena eskatu du gaur, eta egindako adierazpenak "desegokiak" direla erantsi du. Herrian segurtasun eza sortzen duten "gaizkileetaz" mintzatzen ari zela azaldu du Bergarak, eta ez erroldatu nahi diren ijitoetaz eta etorkinetaz.

Alkateak agerraldia egin du udaletxean. Bergarak adierazpen instituzionala irakurri du gertatutakoa azaltzeko, baina ez du galderarik onartu.

"Argitaratu diren adierazpenak desegokiak direla onartzen dut. Ezagutzen didanak zintzotasunez esaten dudala badaki. Barkamena eskatzen dut", ziurtatu du Bergarak. Dimisioa aurkezteko aukera baztertu du alkateak.

"Egun gogorra" dela aitortu du alkateak. Adierazpenak "desegokiak" izan zirela "onartu" du, eta horregatik, "barkamena" eskatu du.

Hala ere, kriminaltasunaren arazoa aipatu du Bergarak agerraldian. Horrela, grabaketan "kakaz hitz egiten" duenean "gaizkileetaz" ari dela argudiatu du alkateak. Hala eta guztiz ere, hitz "desegokiak" direla esan du.

Manipulazioa

Bestalde, grabaketa duela urtebete egin zutela azaldu du. Bergararen hitzetan, grabaketa "manipulatu" egin dute.

Alkatearen arabera, grabaketa "editatu eta manipulatu" dute. Adierazpenak eraikuntza-enpresetako arduradunekin izandako "bilera tirabiratsuan" egin zituela gaineratu du, "Sestaon 'patera etxebizitza' gehiago saihestu nahi zituelako".

Josu Bergara Sestaoko alkatea efe

Josu Bergara (EAJ) Sestaoko alkatea. Argazkia: EFE

Bergararen ahotan, etxebizitza horietan "familia osoak pilatzen dira, onargarriak ez diren baldintzetan".

"Sestaora etorkizun duina izatera ez datozen pertsonek aprobetxatzen dituzte etxebizitza horiek kasu batzuetan, elkarbizitza aztoratu eta segurtasun eza sortzen dute, eta herri guztia keztatuta dago, baita alkatea ere", azpimarratu du.

Sestao "herri solidarioa da eta pertsona ugari besoak zabalik hartu eta hartuko ditu", nabarmendu du Bergarak.

"Gizalegezko Sestao anitza eta langilea nahi dugu. Lapurtzera, askatasuna, bakea eta elkarbizitza hertsatzera datozenak ez ditugu onartuko", ohartarazi du.

Sestaok langabezia handia eta segurtasun eza arazo ditu. Horregatik, "laguntza" eskatu du Bergarak, baina "ez immigrazioaren auka, delinkuentziari aurre egiteko baizik".

Tentsioa

Prentsaurrekoa amaitu eta gero, alkatea jarraitzaileen txalo eta besarkaden artean atera da udaletxetik.

Metro gutxira manifestari talde batek Bergararen aurkako oihuak bota ditu, 'alkate arrazistak kanpora' zioen pankarta batekin. Tentsio uneak bizi izan dira.

Sesato manifestazioa efe

Manifestari taldea udaletxearen kanpoaldean. Argazkia: EFE

Arazo gehien dituen auzoa Txabarri da Sestaon, Bizkaiko Labe Garaiak zeuden tokian. Auzo horretako bizilagunek elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, arratsaldean. Elkarretaratzea aspaldi deitu zuten auzoko bizilagunek. Hala ere, alkateari babesa eman diote Txabarriko bizilagunek.

Zortzi pertsonak, bost familia eta beste bi lagun, Sestaoko alkatearen aurkako salaketa bat jarri dute gaur Barakaldoko Auzitegian, etorkinak eta ijitoak ez erroldatzea, prebarikazioa edota neurri "baztertzaileak" hartzea egotzita. Bizkaiko Sos Arrazakeria elkartearen laguntzarekin jarri dute salaketa.

Sestaoko alkateari prebarikazioa eta arrazakeria egotzi diote, pertsona horiek, etorkinak izateagatik, ez erroldatzeagatik.

SOS ArrazakeriaNekane Garcia Sos Arrazakeriako bozeramaileak azaldu duenez, afera 2012. urtean hasi zen eta, hasiera batean, Bergararekin konpontzen saiatu ziren. Alkateak bere horretan jarraitu zuenez, salatzaileek Arartekoarengana jo zuten. Horrek, alkateari eskatu zion pertsona horiek erroldan sartzeko, baina Bergarak ez zituen Arartekoaren gomendioak jarraitu eta, horrenbestez, bide administratiboarekin eta Estatuko Estatistika Institutuarekin saiatu ziren. Aurkeztutako salaketarekin batera, froga moduan, alkateak higiezinekin egindako bi bileratako audioak ere entregatu dituzte. Grabazio horietan, legea "egunero" hautsi egiten duela onartzen du Josu Bergarak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak