Politika -

Polizia-operazioa

Bost kide atxilotu dituzte Gipuzkoan, terrorismoa goratzea egotzita

Barne Ministerioaren arabera, Guardia Zibilak Aritxulegi mendiko 'Gudarien Basoa' desegin du. Halaber, sei pertsona inputatu dituzte.

Terrorismoa goratzea egotzita, bost pertsona atxilotu dituzte

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak bost lagun atxilotu ditu Oiartzunen (Gipuzkoan) terrorismoa goratzea egotzita, ikerketaren iturriek jakitera eman dutenez.

Barne Ministerioak jakitera eman duenez, Guardia Zibilak Aritxulegi mendiko ‘Gudarien Basoa’ desegin du eta, ondoren, lau lagun atxilotu ditu baso hura landatzea leporatuta.

Polizia-operazio honetan, Jokin Izagirre, Xabier Iragorri, Ramon Gaztelumendi, Ramon Sagarzazu eta Miren Itziar Iñarra atxilotu dituzte, hildako ETAko kideak omentzeko toki bat sortzea egotzita. Gainera, aipatutako iturrien arabera, beste sei pertsona inputatu dituzte, baina dagoeneko aske geratu dira.Atxiloketak goizean egin dituzte, atxilotuen etxeetan bertan, 06:45 eta 07:15 bitartean.

Guardia Zibilaren arabera, atxilotuek Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon Blanco ETAko kideak omendu zituzten aipatu basoan. Egun horretan, Barne Ministerioak jakitera eman duenez, haritz bi landatu zituzten eta ETAko kide horien izen-abizenak jarri zituzten bertan.

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak deklarazioa hartuko die Oiartzunen atxilotutako lau pertsonei, asteazken honetan, 13:00etan.

Errenteriako Udalak "zalantzak" agertu ditu

Errenteriako Udalak "zalantzak" agertu ditu atxilotutaetako baten aurka egindako salaketaren inguruan.

Udalak aho batez onartu duen adierazpenean (Bildu, PNV, PSE/EE, PP eta Ezker Anitza) Ramon Gaztelumendiri terrorismoa goratzea zalantzan jarri dute. Gaztelumendik Errenteriako Udalan egiten du lan.

239 aldaxka

'Gudarien Basoa' 239 aldaxkak osatzen dute, aldaxka bakoitza hildako ETAko kide bati dagokio, eta plaka batez identifikatuta daude, 1etik 239ra.

Horrez gain, gunea hesi batez inguratuta dago eta mugarri bat prestatu dute, haga bat jartzeko asmoarekin, eta omenaldiak egiteko plaza bat ere prestatu omen dute. Guardia Zibilaren arabera, martxoaren 9an ekitaldi publiko bat prestatu zuten Aritxulegi mendian atxilotuek, iaz hildako Xabier Lopez Peña, Thierry, eta Arkaitz Bellon Blanco omentzeko.

Ekitaldian, bi haritz landatu zituzten 'Gudarien Basoa'n, zuhaitz horietan jarritako karteletan ETAko kide horien izenak idatzi zituzten, eta, ekitaldia bukatu ondoren, apaingarriak kendu zituzten.

Garaiz kanpokoak, Gipuzkoaren arabera

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramalearen esanetan, azken atxiloketak "garaiz kanpokoak" dira, eta "Ebrotik harago arreta desbideratzea" dute helburu, Espainian "erakundeen krisia" gertatzen ari den bitartean.

Foru Gobernuko Kontseilak onartutako azken neurrien berri emateko astero egiten duten prentsaurrekoan, Ugartek esan du atxiloketok, eta deklaratzera joateko zitazioak, "garaiz eta lekutik kanpo" daude.

"Deigarria da erakundeen krisia gertatzen ari den bitartean, Espainiako krisia, ekintza bat egitea Euskal Herriaren kontra", bere ustean.

"Oroitzea, ez omentzea"

Bestalde, Sortuk Gobernu zentralari ohartarazi dionez, "memoria eskubidearen kontra egitea, bakea eta normalkuntza politikoa oztopatzea da" eta, zehaztu duenaren arabera, "gomuta eta memoria ez dira omenaldi eta apologiaren sinonimo".

Donostian egindako prentsaurreko batean, Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko bozeramaleek atxilotuak aske uztea eskatu dute. Gainera, haien esanetan, operazioa "PPk eta Rajoyren Gobernuak gertatutakoaren ikuspegia inposatzeko duten obsesioaren seinale da".

"Espainiartasuna inposatzeko, indarrez eta euskal gizartearen borondatearen kontra, beste ahalegin bat da, euskal herritarroi subjektu politiko izatea eta gure etorkizuna erabakitzea ukatzen jarraitzeko", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea