Politika -

Elkarrizketa

Autodeterminazioa aldarrikatzeko eskatu dio Arraizek Urkulluri

Hasier Arraiz Sorturen presidenteak jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuak errefusatu egin ditu preso batzuek Euskal Herriko kartzeletara joateko egindako zenbait eskari.

Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sorturen presidentea.
Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sorturen presidenteak euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, erregearen abdikazioaren ostean "Monarkiarekiko itun" historikoei edo "Euskadiri Estatuan beste toki bat" emateko "mezu nahasiak" zabaldu beharrean.

"Hitz horiek soberan daude", adierazi du Arraizek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Izan ere, bere ustez, Espainiako Monarkiak "jatorri frankista duen eta Euskal Herria ukatzen duen sistema bat betikotzen du".

Diputatuen Kongresuan abdikazioa arautzen duen legea eztabaidatuko dela eta, Arraizek esan du "errespetatu" egiten duela EAJk abstentzioa emateko hartu duen erabakia, baina horrek "ez bustitzea" suposatzen omen du. Amaiurrek eztabaidan parte hartuko duela, baina "euskal herritarrei ez dagokien erabakia" denez, ez duela bozkatuko gogorarazi du.

Autodeterminazioaren inguruko eztabaida "lokartu eta mantsotu" nahi izatea leporatu dio Arraizek EAJri, "Eusko Legebiltzarreko areto batera baztertu" duelako, autogobernuari buruzko lantaldeari erreferentzia eginez.

Gobernuak atzera bota ditu presoen Euskal Herriratzeko eskariak

Bestalde, Hasier Arraizek salatu du Espainiako Gobernuak errefusatu egin dituela euskal preso batzuek Euskal Herriko kartzeletara joateko egindako eskariak, eta dagoeneko jakinarazi dietela erantzuna presoei. Gainerako presoak erantzuna jasotzeko zain omen daude. Presoek hil honen bukaeran amaituko dute gerturatzeko eskariak egiten.

"Nik dakidala, ekainean amaituko du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) Euskal Herriko kartzeletara joateko eskarien prozesua", adierazi du alderdi abertzalearen buruzagiak.

Arraizek azpimarratu du Barne Ministerioak dagoeneko erantzun diela preso "batzuei", eta erantzuna "ezezkoa" izan dela.

Aurreko otsail erdialdean, EPPK-k iragarri zuen Euskal Herriko kartzeletara joateko eskariak egiten hasiko zirela banan-banan, prozesu "mailakatu" baten bitartez; izan ere, lehenengo eskariak gaixorik dauden 16 presorenak eta 70 urtetik gorakoenak izan ziren.

EPPK-k egindako kaltea onartu ostean iritsi zen Euskal Herriratzeko eskarien erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea