Politika -

Hitzaldia Madrilen

Pablo Iglesias: 'Terrorismoak azalpen politikoak ditu'

Podemoseko buruaren esanetan, "terrorismoak azalpen politikorik ez baluke, ez litzateke ulergarria izango Gonzalezek eta Aznarrek [ETArekin] negoziatu izana".

Pablo Iglesias Podemoseko burua, gaur Madrilen. EFE
Pablo Iglesias Podemoseko burua, gaur Madrilen. EFE
Pablo Iglesias Podemoseko burua, gaur Madrilen. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemoseko buru eta eurodiputatuak adierazi duenez, "[ETAren] terrorismoak min handia eragin du, baina azalpen politikoak ditu".

"Azalpen politikorik ez baluke, ez litzateke ulergarria izango [Felipe] Gonzalezek eta [Jose Maria] Aznarrek [ETArekin] negoziatu izana", gaineratu du, Madrilen egindako gosari informatibo batean.

"Europan ETAri buruz hitz egin beharko banu, gure herrialdean terrorismoak min handia sortu duela esango nuke, baina azalpen politikoak badituela gaineratuko nuke", adierazi du. Horrela, gaitzespena "oso argi" duela esan du, "ehunka lagunen heriotza sortu" zutelako, baina berak gai horri aurre  egin beharko balu, "oinarrizko gako politikoak ulertzen" saiatuko omen litzateke.

Iglesiasek "espainiarrak adin nagusiak" direla nabarmendu du, eta, horrenbestez, Kataluniako gatazkan eta Estatuko Buruzagitzaren eta abortuaren eztabaidetan hitza ematearen alde agertu da.

"Euskaldunen, katalanen edota galegoen" erabakitzeko eskubidearen alde agertu da Iglesias. Aitortu du ez litzaiokeela eskualderen batek independentzia lortzea, baina ulertzen du "eroso ez sentitzea". "Eroso sentitzea gustatuko litzaidake, baina arazo guzti horien irtenbidea jendeari galdetzean datza, horrelakoa da demokrazia", adierazi du.

Horren ildotik, Kataluniako gatazkaren konponbidea "akordio asmatuen edo dei sekretuen bidez" baino gehiago, "behetik eraikitako gehiengo sozialen bitartez" helduko dela ohartarazi du. Dena dela, bera Katalunia Espainiaren parte izatearen aldekoa dela esan du.

Iglesiasek Juan Carlos I.a erregea forudun bihurtzea ere kritikatu du, eta herritarren ustez aforamendua eta berdintasuna "bateraezinak" direla gogorarazi du.

Espainiako Gobernuak sustatutako erreforma fiskalaren harira, onuradunak "errenta handienak" izango direla eta zergak langileek, autonomoek eta enpresa txikiek eta ertainek ordainduko dituztela deitoratu du.

Polemika entzule batekin

Hitzaldia galde-erantzunen txandan zegoenean, entzule bat oihuka hasi da Podemoseko buruaren aurka, eta Venezuelako Gobernuaren aholkulari izan izana egotzi dio.

Segurtasun agenteek kanpora eraman dute entzulea, eta, horren ostean, Pablo Iglesias eztabaidatzeko prest agertu da. "Batzuek, baina, ez dute eztabaidatu nahi, iraintzea nahiago dute", erantsi du.

Erregea forupean jartzea

Iglesiasek PP eta PSOE kritikatu ditu Juan Carlos Erregearen "abdikazio espres" hori hitzartzeagatik. Bere ustez, hiritarrek ezingo dute "oinarrizko auzi baten inguruan" erabaki, Estatuaren buruzagitza nork eramango duen.

Bere alderdiak errege berrien harrera-ekitaldirako gonbita jaso zuen galdetu diote Podemoseko liderrari eta, txantxetan, honakoa adierazi du: "ez gaituzte horrelako ekitaldietara gonbidatzen", baina hala balitz, "ezustea" emango lukete, "errege berriei hedabideen arreta" kenduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Unidas Podemoseko buru ohia