Politika -

Ikerketa batzordea

Unda: 'Epsilon proiektuak porrot egiteko aukera asko zituen'

Industria sailburu ohiaren esanetan, proiektuak "zor handia" zuen, eta inbestitzaile pribatua "ez zen inoiz heldu".

Bernabe Unda, Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean. EFE
Bernabe Unda, Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean. EFE
Bernabe Unda, Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu ohiaren esanetan, Epsilon proiektuak "porrot egiteko aukera asko" zituen. Izan ere, "zor handia" zuen, finantziazioa batik bat publikoa zen, eta inbestitzaile pribatua "ez zen inoiz heldu".

Undak agerraldia egin du astelehenean Epsilon eta Hiriko proiektuetan atzemandako ustezko irregulartasunak argitzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako ikerketa batzordean. Proiektuok 60 milioi euro jaso zituzten laguntza publiko bidez, eta porrot egin dute.

Patxi Lopez lehendakari sozialistaren garaian Industria sailburu izandakoaren arabera, "irregulartasunak" atzeman zituzten Arabako Teknologia Parkeak Epsiloni emandako 16,5 milioi euroko abalean. "Arriskuak ikertuta, operazioa kaltegarria zen Arabako Teknologia Parkearentzat", esan du, eta abal hori EAJ Jaurlaritzan zegoela eman zutela gogorarazi du.

Halaber, txosten publikoen eta pribatuen arabera, "irregulartasun" horiei "heltzea" beharrezkoa zela azaldu du Undak. Horren ildotik, PSE-EEren Gobernuak "legearen arabera" jokatu zuela adierazi du. "Gardenak izan ginen beti, eta dagokien administrazioei eman genien informazioa, Parlamentu honi barne".

Undak ez du erantzukizun politikorik egotzi nahi izan, baina ikerketa batzordeak zalantza guztiak argitzea espero duela nabarmendu du. "Nik ez dakit zer egin zuten 2008. urtean, ezta proiektua Zamudiotik Arabara aldatzea erabaki zutenean ere; benetan ezetz".

HIRIKO AUZIA

Bestalde, Hiriko "ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektua" zela azaldu du Undak, "eta ez enpresa proiektua", baina "gauzatzeko zaila" zela gaineratu du: "Adituen ustez, ibilgailu [elektriko] bat egiteko 100 milioi euroko inbertsioa eta sei urteko probak behar dira".

Industria sailburu ohiaren hitzetan, ikerketa proiektu horren garapena "ez zen nahikoa" merkaturatu ahal izateko, eta bere Gobernuak hala "ohartarazi" zuen, eta, ondorioz, "presioak" jaso zituen. "Proiektua merkaturatu baino lehen, gutxienez bi autok hainbat urtetako errodajea egin behar zutela ohartarazi genien sustatzaileei", jarri du adibide gisa.

Ikerketa batzordeko agerraldiak gaur bukatuko dira. Azkenak Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko arduradunak, Alexis Rodriguez TMAko langile ohiak eta Ana Aguirre Industria sailburu ohiak egingo dituzte.

Carmelo Barrio (PP) batzordeko presidenteak uztailaren 4an aurkeztuko du ebazpen proposamena, eta uztailaren 10ean eztabaidatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea