Politika -

Epaia

Kataluniako Parlamentua setiatzeagatik akusatuak, absolbituta

Auzitegi Nazionalak uste du kasu honetan, manifestatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna gailentzen direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu 2011. urtean Kataluniako Parlamentua setiatzeagatik, Estatuko instituzioen aurkako delitua egotzita zeuden 19 akusatuak. Auzitegiaren ustez, protesta manifestatzeko eskubideak babestuta zegoen, eta "austeritate politikek kaltetutakoei" ahotsa ematea zuen helburu.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko lehen sekzioak hartu du erabakia, eta akusatuetako bati bakarrik jarri diote zigorra: kalteen falta bategatik -Montserrat Tura diputatuari bizkarra pintatu zion-, lau eguneko lokalizatze zigorra jaso du.

Fernando Grande-Marlaska Auzitegiko presidentea epaiaren aurka agertu da; Estatuko instituzioen aurkako delituagatik, akusatuetatik 10 zigortu nahi zituen.

Fiskalek bost urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuten 19 akusatuentzat M15 mugimenduak Kataluniako Parlamentuaren aurrean murrizketa sozialen aurka antolatutako kontzentrazio batean izandako gertaerengatik. Protesten harira, Artur Mas Generalitateko presidentea eta Nuria de Gispert Ganberako presidentea, besteak beste, setiatu egin zituzten.

Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel magistratuen ustez, "adierazpen askatasuna eta manifestatzeko eta biltzeko eskubidea gailentzen dira kasu honetan"; izan ere, "gizarteko sektore askorentzat, biltzea eta manifestatzea da euren iritziak eta pentsamenduak transmititu eta zabaltzeko modu bakarra".

"Adierazteko eta sektore publikora gerturatzeko bideak komunikazio talde pribatuen menpe daudenean, gizarteko zati batzuek euren iritziak transmititzeko eta eztabaida politiko eta sozialetan parte hartzeko zailtasun handiak dituztenean, beharrezkoa da manifestazio eta adierazpen askatasuna modu malguagoan erabiltzen uztea, protesta eta kritika eraginkorrak izan daitezen", adierazi dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa