Politika -

Bilera euskal eragileekin

Bitartekariek bake prozesuan aurrera egiteko 'borondatea' ikusi dute

"Ez da gure asmoa inori zer egin beharko lukeen esatea", azaldu dute Powellek eta McGuinnessek prentsa-agiri batean.

Powell, atzo. Argazkia: Efe
Powell, atzo.
Nazioarteko bitartekariek aurrera egiteko ‘borondatea’ ikusi dute

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Jaurlaritzarekin eta alderdi politikoekin bildu ostean, Jonathan Powell eta Martin McGuinness nazioarteko bitartekariak "ziur" daude 2015eko hauteskundeen aurretik bake prozesuan aurrera egiteko "borondatea" dagoela.

Lokarri plataformak zabaldutako agirian, Powell eta McGuinness "erabilgarria den edozein modutan" laguntzeko prest agertu dira.

"Gurekin biltzeko prestutasuna agertu duten buruzagi politikoekin hitz egin ondoren, ziur gaude 2014an, hauteskunde kanpainaren aurretik, aurrerapausoak emateko borondatea dagoela", adierazi dute bitartekariek 2015ko udal hauteskundeei erreferentzia eginez.

Jonathan Powell Tony Blairren kabineteburu ohia eta McGuinness Ipar Irlandako lehen ministroorde eta Sinn Fein alderdiko burua Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza arduradunarekin eta EAJko, ezker abertzaleko, PSE-EEko, Geroa Baiko eta Ezker Anitza-IUko ordezkariekin bildu ziren atzo.

"Ez da gure asmoa inori zer egin beharko lukeen esatea. Prozesuaren nondik norakoez eta hurrengo pausoez galdetu diegu", azaldu dute.

Bestalde, "jarraipen talde bat osatzea" proposatuko dutela jakinarazi dute, baina ez dute xehetasun gehiago eman.

ETAren aurrean "irmotasuna" eskatu zien PSE-EEk

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusiak bileran bitartekariei zer esan zieten argitu du. ETAren eta presoen aurrean "irmotasuna" izateko eta ezker abertzaleari "ausardia" eskatzeko esan omen zien.

Urquijok dio "ETAren marken eskutik" datozela

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak kritikatu egin du bitartekarien bisita, "ETAren marken, alderdien, eskutik" datozelakoan. Hori dela eta, "jada biziatuta" etorri direla eta ez direla "bitartekari neutralak" iritzi dio.

Sortuk "konpromiso partekatuak" eskatu dizkio EAJri

Sortuk ezker abertzalearekin batera "bakea lortzeko, armak uzteko, espetxe politika aldatzeko eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko konpromiso partekatuak" hartzeko eskatu dio EAJri.

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzen inguruan mintzatu da, ezker abertzaleari "konpromisoak betetzeko" eskatu baitzion.

Barrenaren aburuz, ezker abertzaleak EAJrekin konpromisoren bat hartu duela ulertarazi zuen Erkorekak, eta haren ustez, hori "erabat okerra" da.

Horren harira, Sortuko bozeramaileak bere alderdiaren eta EAJren artean akordioak lortzeko beharra azpimarratu du, haren ustez, "konpontze prozesua" aurrera eramateko interesa erakutsi duten alderdi bakarrak direlako, "planteamendu desberdinak eta legezkoak" dituzten arren.

"Ez da elkarri gauzak exijitzeko garaia. EAJren eta Sorturen arteko konpromiso partekatuak nahi ditugu", azpimarratu du.

Barrenaren ustez, terrorismoaren amaierarekin lotutako kontu guztiek euskal herritarren kezka pizten dute, hauteskundeetako emaitzek erakutsi duten moduan; bertan, boto emaileek "bake prozesua aurrera eraman nahi duten alderdiak" saritu dituzte, eta afera "hotz" uzten dutenak zigortu dituzte, Sorturen iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea