Politika -

Urteurrena

Gipuzkoako alderdiak bat eginda, Jauregiren omenezko ekitaldian

Gipuzkoako alderdi politiko guztiek babesa eman diete Juan Mari Jauregiren senideei omentzeko ekitaldian, Martin Garitano buruan zegoela.

Lore eskaintza egin dute Juan Mari Jauregi oroitzeko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi guztiek, salbuespenik gabe, (Bildu, EAJ, PSE-EE, PP eta Aralar) bat egin dute Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore ohiaren omenezko ekitaldian, ETAk hil zuela 14 urte bete diren honetan.

Ordezkaritza politikoaren buruan, Martin Garitano ahaldun nagusia bera egon da, baina denek babestu dituzte Jauregiren familiaren kideak, besteak beste, Maixabel Lasa eta Joxepi, Jauregiren arreba.

Ekitaldiaren azken partean, Maixabel Lasak gaur, asteartean, Ibon Etxezarreta ETAko presoak argitaratutako gutuna izan du hizpide. Eskutitzean, Etxezarretak "bidegabe eragindako mina" aitortu du, eta barkamena eskatu; Lasak "bikain" iruditu zaiola esan du.

Horren ildotik, adierazi du Etxezarretarekin izandako elkarrizketan gehien "harritu" zuena "Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Bulegoan genuen jarrera, egoeraren aurrean", izan zela. "Uste dut horrek garai horretan egin zutenaren gainean gogoeta egiten eta pentsatzen lagundu ziela".

Lasaren ustean, erakunde horrek egindako lana "orain egiten ari diren autokritika sustatzen balio izan du, eta hori da gainerakoei eskatuko niena". Horrela, "pertsona horiek gogoeta egiten lagundu izanagatik harro" dagoela esan du.

Ekitaldia Gipuzkoako Batzar Nagusietan ospatu da. Gainera, lore-eskaintza ere egin dute, eta minutu bateko isilunea; azkenean, txalo zaparrada batek itxi du ekitaldi hunkigarria.

Juan Maria Jauregi sozialista, eta Gipuzkoako gobernadorea izandakoa, 2000 urtean hil zuen ETAk, Tolosan, uztailaren 29an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea