Politika -

Segi-ren kontrako epaiketa

Loiolan atxilotutako 5 gazteak kartzelatzeko eskatu du fiskalak

Fiskalak bere eskarian zehaztu duenez, gazteek 'ihes giteko arriskua' dago. Auzipetuen abokatuak, berriz, zehaztu du bost gazteak atzo toki jakin batean zeudela, aurkitzeko moduan, ezkutatu gabe.

Loiolan atxilotutakoak espetxeratzeko eskatu du fiskaltzak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Loiolan, Aske Gunean atxilotutako bost gazteak kartzelatzeko eskatu du fiskalak, epaiketaren lehen saiora azaldu ez zirelako. Segikoak izatea egotzita, 28 gazteren kontra Madrilen, Auzitegi Nazionalak duen egoitzan, egiten ari diren epaiketan egin du eskaria, gaur, fiskalak.

Xabier Arina Etxarte, Imanol Salinas Ijurco, Irati Tobar Eguzkitza, Jazint Ramirez eta Igarki Robles dira atzo Loiolan atxilotutakoak. Bost gazteok epaiketara ez joatea erabaki zuten, protesta gisa. Auzitegi Nazionalak haiek atxilotzeko agindua eman zuen, eta atzo 20:00ak inguruan atxilotu zituen Ertzaintzak.

Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalak bere eskarian zehaztu duenez, 'delituaren larritasuna' hartu behar da kontuan; atzo epaiketara ez agertzea ez dagoela justifikatuta eta 'ihes egiteko' arriskua dagoela gaineratu du. Hori dela eta, behin-behinean espetxera bidaltzeko eskaria aurkeztu dio epaileari.

Akusatuen abokatuek adierazi dutenez, ez zegoen ihes egiteko arriskurik: bost gazteak atzo, goizean goizetik, toki jakin batean zeuden, aurkitzeko moduan, ezkutatu gabe. Epaiketa salatzeko antolatu zen protesta publiko batean zeudela nabarmendu dute.

Ertzaintzak 30 bat dotazio bidali zituen atzo Loiolara, bost gazteak atxilotzera. 18:45 inguruan iritsi ziren. Ehunka gazte zeuden bertan, auzipetuei babesa emateko antolatutako Aske Gunean. Auzitegi Nazionalaren agindua irakurri zieten bertan zeudenei ertzainek, eta, ondoren, protestan parte hartzen ari ziren gazteak identifikatzen hasi ziren, banan-banan. Aurpegia estalita zuten gazteek, eta horrek identifikazio lana zaildu zuen. Tentsio une gogorrak bizi izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea