Politika -

Profila

Jose Luis Bilbao, politikari aurreikusi ezina

Ortodoxia gutxiko politikaria da, adierazpen politiko arriskutsuetan eta ezohikoetan eskarmentu handikoa.

Jose Luis Bilbao. EiTB
Jose Luis Bilbao. EiTB
Jose Luis Bilbao. EiTB

D.P. / I.G. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Egurenek (Bilbao, 1957) ez du Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaitza berriz aurkeztuko, ahaldun nagusiaren karguan denbora gehien eman duen politikaria izan eta gero; Jose Maria Makua, Alberto Pradera eta Josu Bergara aurreko ahaldun nagusiek baino legealdi bat gehiago egonda.

2003ean hasi, eta 12 urteko kudeaketaren ostean, EAJk indarra galdu duen aktibo bat alde batera uztea erabaki du, egungo testuinguru politikoan hainbat agintaldiz karguan egotea 'kastaren' eta botereari atxikiegi egotearen sinonimo delako.

Edonola ere, bitxia da, hainbat kausagatik bada ere, EAJk Bizkaiko aurpegi nagusiak aldatu behar izatea, Iñaki Azkunak (Bilboko Udalean) eta Jose Luis Bilbaok (Aldundian) gehiengo zabal eta erosoak ekarri baitituzte azken hamarkadan.

Egungo EAJren agintarien belaunaldikoa ('JoBuBi'etako bat da, Iñigo Urkulluren eskutik EBBra heldutako burukideak) izan arren, Bilbaok politika egiteko izaera ezberdina duela erakutsi du, egungo lehendakaria eta gainerako buruzagi jeltzaleak zuhurragoak eta moderatuagoak agertu ohi baitira.

Bilbao, baina, suminbera, eferbeszentea, bat-batean pizten den horietakoa eta mihi zorrozduna da. Horren adierazpenak iturri izan dira kazetariontzat, baita askotan egindako adierazpen politiko arriskutsu eta ezohikoak ere; adibidez, Espainiako selekzioa San Mamesen jokatzearen kontra azaldu zenean, Bilbora "arranoak eta zezen beltzak" daramatzatenak etor ez zitezen, edo Bilboko Metroa Castro Urdialesekin lotzeko euro bat ere jartzea ukatu zuenean, Patxi Lopez orduko lehendakaria "bere lagunekin vermuak edatera joateko" bazen.

Asko da egungo Bizkaiko ahaldun nagusiak lortutakoa, baita galdutakoa ere. Lehengoen artean, esaterako, lurraldean zergen ikuskaritza hobetu zuen, urtez urte deklaratu gabeko milaka euro agertzen dira eta.

Halaber, laguntza sozialen hobekuntza ere azpimarratzekoa da, Bizkaia erreferente bihurtu baita Estatuan alor horretan. Gainera, turismoa bultzatu zuen, errepideak hobetu (Ermuako sahiesbidea eta Kadaguako korridorea, adibidez) eta akordioak lortzeko gaitasun handia erakutsi du (2013an PPrekin adostu zituen Aurrekontuak, eta PSE-EErekin 2014ean).

Porrotik handiena, bestalde, Hegoaldeko Sahiesbidearen proiektuarekin heldu zitzaion. Airean zintzilikatuta dagoen 'Supersur' sahiesbide handiaren (eta garestia, 18 kilometro egiteko 900 milioi euro xahutu zituzten) helburu nagusia A-8aren zirkulazioa arintzea -Santurtzi eta Bilbo artean- izan zen, baina orain erabilera urria eta zalantzazko bideragarritasuna duen azpiegitura dela agerian geratu da.

Bilbaok sortutako beste polemiketako bat Alonsotegin moduluka eraikitako etxebizitza (Habidite enpresaren produktua) izan zen eta, azkenean, auzitara jo zuten. Bilbao Basket taldeari egindako erreskateak ere zeresan handia eman zuen, herritarrek ez zuen begi onez ikusi ekimena, krisi ekonomikoan egonda. Gainera, Juan Ramon Ibarra lau urteko zigorra jaso zuen Ikuskaritza Fiskalako buruzagi ohia, bi urte bete eta gero, Diputazioan lan egiteak ere hautsak harrotu zituen.

Gogoratzeko moduak, halaber, beste erakunde batzuekin izandako liskarrak, horietako batzuetan bere alderdiak esku hartu behar izan zuen. Adibidez, Diputaziora heldu berritan aurreko ahaldun nagusiak Diputazioaren egoitza Iberdrolako Dorrera eramateko proiektua alde batera utzi zuenean, eta Bilbao 2020ko Eurokopako egoitza izatearen kontra azaldu zenean, horietan bietan Bilboko Udalarekin aurrez topo egin zuen. Patxi Lopezen garaian, Bizkaiko Diputazioa EAJren arma nagusia izan zen PSE-EEren Jaurlaritzaren kontra egiteko.

Berriz ahaldun nagusia izango ez bada ere, askok zalantzan jarri dute politikako lehenengo lerroan jarraituko duenik, baina EAJk oraindik ez du bere etorkizuna zein izango den azaldu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Udal eta Foru hauteskundeak 2015