Politika -

Auzitegi Nazionala

Marokok sahararrak fusilatu dituela azaldu du lekuko batek

Abba Ali Said Dafek eta bost lekukok Auzitegi Nazionalean deklaratu dute. 1976ko otsailean, Amgalan, zortzi pertsona desagertu ziren eta 2013ko ekainean gorpuak hilobi handi batean topatu zituzten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1976an, Amgalako eskualdean, Marokoko soldaduek bi pertsona fusilatu zituztela azaldu du gaur lekuko batek Pablo Ruz epailearen aurrean. Ustezko genozidio delitu bat ikertzen ari da magistratua, auziak justizia unibertsalaren erreforma gainditu eta gero.

Abba Ali Said Dafek eta bost lekukok Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur. 1976ko otsailean, eskualdean, zortzi pertsona desagertu ziren.

Zortzi pertsona horien gorpuak hilobi handi batean aurkitu zituzten 2013ko ekainean. Espainiako auzitegiko medikuen talde batek gorpuak hilobitik atera zituen. Espainiako nortasun agiriak agertu ziren hilobian. Ondorioz, hildako batzuk espainiarrak ziren.

Epailearen aurrean deklaratu eta gero, gertakariak gaur jazo balira bezala gogoratzen dituela azaldu die lekukoak komunikabideei. Gertatutakoa sekula ahaztu ezin izan duela onartu du lekukoak.

"Gora Marokoko Armada"

Bi pertsona nola hil zituzten ikusi zuela azaldu du lekukoak epailearen aurrean. Berak orduan 14 urte zituela erantsi du. Marokoko soldaduek akabatu behar zuten hirugarren pertsona bera zela aitortu du, baina "gora erregea" eta "gora Marokoko Armada" garrasi egin eta gero aske utzi zutela gaineratu du.

Saharan ustezko genozidio delituak ikertzen ari da Ruz. Saharar herriaren aldeko elkarteek Marokoko 31 soldaduri leporatzen dizkiete.

Auzia artxibatzea errefusatu zuen epaileak iragan martxoan. Gertakariak gertatu zirenean, 70eko eta 80ko hamarkadetan, Mendebaldeko Sahara Espainiako lurraldea zela gogorarazi zuen Ruzek, eta justizia unibertsalaren erreforma ez aplikatzeko argudiotzat hartu zuen. Erreforma martxoan onartu zuen PPk.

1975etik 1987ra arte ustez egindako genozidio eta tortura delituak salatu zituzten saharar herriaren aldeko elkarteek, eta baita ehunka sahararren desagerpena ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Berriak Politika Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Mendebaldeko Sahara Maroko azken ordukoa