Politika -

A9-ko kontsulta

Generalitateak atzeratu egin du kontsultarako erroldaren argitalpena

Bozketa aurreikusitako datan izango ote den argitzeko eskatu die Duranek kontsultaren aldeko alderdiei.

Artur Mas. Argazkia: EiTB
Artur Mas.
Generalitateak atzeratu egin du kontsultarako erroldaren argitalpena

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generalitateak atzeratu egin du kontsultarako behin behineko erroldaren argitalpena, berez gaur jakinarazi behar zutena, eta horrek areagotu egin ditu zalantzak kontsultaren aldeko alderdien artean, azaroaren 9an bozketa egiteko aukeren inguruan, eta dagoeneko bestelako aukerak aztertzen hasi dira.

Artur Mas Generalitatearen presidenteak atzo CiUko, ERCko, ICV-EUiAko eta CUPeko ordezkariekin egindako bileraren ostean, ez zuten adierazpenik egin nahi izan, eta kontsulta azaroaren 9an egiteko asmoari eusten dioten arren, alternatibak indarra hartzen ari dira.

Auzitegi Konstituzionalak kontsulta bertan behera utzi ostean, Generalitateak ez du gaur errolda argitaratu; hala, ez du bete deialdiaren dekretuan ezarritako epea.

Horrek zaildu egiten du kontsulta azaroaren 9an berme demokratiko guztiekin egitea, denbora gutxiago geratzen delako, eta erroldarena giltzarri delako aipatu bermeak betetzeko.

Hala eta guztiz ere, Generalitateak parte-hartzaileen erregistroan izena emateko eskariak jasotzen jarraitzen du, eta udalek bozketarako lekuak proposatzeko epeak irekita jarraitzen du (dagoeneko 377k egin dute proposamena).

Autodeterminazioaren aldeko alderdiek, Estatuak azaroaren 9ko kontsulta galaraziz gero, Kataluniako kaleetan hautestontziak jartzea eta Parlamentuan eta udaletan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko osoko bilkurak antolatzea aztertzen ari dira.

Generalitatearen jarrera ofiziala azaroaren 9ko deialdiari eustea da, eta Artur Mas presidenteak batasunaren aldeko deia egin du berriro, "gauzak elkarrekin eskutik helduta eginez gero hobeto ateratzen" direlakoan.

Duranek A9ko bozketa posible izango den esateko eskatu du

Josep Antoni Duran i Lleida CiUren Kongresuko bozeramaileak azaroaren 9an bozketarik izango ote den argitzeko eskatu die kontsultaren aldeko alderdiei.

"Denbora gutxi geratzen da eta, kontsultaren aldeko alderdien aldetik, azaroaren 9rako posible izango ote den azaldu beharra dago", idatzi du militantziari astero zuzentzen dion gutunean.

"Niri ez zait burutik pasatu ere egiten legeak babestutako kontsulta bat egitea ez den beste aukerarik", gaineratu du.

ANCk ibilbide orria jarraitzen du

Carme Forcadell Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidenteak argi adierazi du azaroaren 9ra arte "aurreikusitako ibilbide orria" jarraituko dutela, eta "Generalitateak eta alderdiek ere" berdin egingo dutela.

Horren harira, urriaren 19an, "presio positiboa" egiteko helburuarekin, ekitaldi handi bat egingo dutela azaldu du. Bartzelonako Katalunia Plazan izango da ekitaldia, "Ara es l’hora" kanpainaren baitan, baina "A9an bozkatu eta irabazi egingo dugu" lelopean.

FC Bartzelona, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionalarekin

Rac1 irrati kateak jakitera eman duenez, FC Bartzelona klubak gutuna igorri dio Joan Rigol Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionalaren presidenteari, bat egiten duela adierazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur Kataluniako prozesua zuzenean