Politika -

Gasteiz

Barne Ministerioak Biktimen Memorialaren Zentroa eraikitzea sinatu du

Fernandez Diazen esanetan, zentroaren bidez terrorismoaren biktimen memoria errespetatu, dignitatea babestu,  eta justizia eta “egia historikoaren” kontakizuna egin ahal izango da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Terrorismoaren Biktimen Memorialaren Zentroaren protokoloa sinatu du gaur, astelehena, Javier Maroto Gasteizko alkatearekin, ETAk jarduera armatua behin betiko utziko zuela iragarri eta hiru urtera.

Ministroaren esanetan, hirugarren urteurren honetan, Zuzenbide Estatuta “ez dago tregoan”, ETA desegiten ez den bitartean, baina ziurtatu egin du indarkeriaren amaierak ez duela “atzerabueltarik”.

Fernandez Diazek esan duenez, zentroaren bidez terrorismoaren biktimen memoria errespetatu, dignitatea babestu, eta justizia eta “egia historikoaren” kontakizuna egin ahal izango da.

Adierazi duenaren arabera, “oso beharrezkoa” da datozen belaunaldiek gertatutakoaren egia ezagutu dezaten; hala ez bada, “sikopatak, terroristak” , ETAren ekintzak txalotu dituztenak edo beste alde batera begiratu dutenek euren kontakizuna ezarri nahi izango dute.

Zentroa Espainiako Bankuaren aintzinako egoitzan kokatu da. Eraikina Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioarena da eta bada hamarkada bat baino gehiago ez dutela erabiltzen. Ministroak eta Gasteizko alkateak bisita egin dute, protokoloa sinatu eta gero.

Ministroak aurreratu duenez, asmoa da zentroa 2015ean martxan jartzea, baina behin behinean, beste lokal batean, egoitza ofizialeko lanak bukatu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea