Politika -

Kataluniako prozesua

Rajoy: 'Elkarrizketarako prest nago, baina Konstituzioaren barruan'

Katalunian igandean egin zen galdeketaren ondoren, lehen aldiz hitz egin du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak hedabideen aurrean. A9koa 'hauteskunde simulakroa' baino ez zela izan esan du.

Rajoy: 'Independentismoaren proiektuaren porrota erabatekoa izan da'

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak A9ko galdeketaren ondoren hitz egin du, lehen aldiz, hedabideen aurrean. "Galdeketarik ez zen egon, simulakro bat eta propaganda politikoa izan zen", esan du. Horren hitzetan, "independentismoaren porrota" baino ez zen irudikatu joan den igandean.

Artur Mas Kataluniako presidentearekin hitz egiteko prest agertu da, baina "Konstituzioaren barruan". Igandean argi geratu zen gauza bakarra, Rajoyren ustez, Katalunian "Espainian jarraitzearen aldekoak independentistak baino gehiago" direla izan zen. Rajoyk argi utzi du ez duela "hausturarik ekarriko duen erreformarik onartuko". ''Inork ez dezala espero Espainiako Gobernuak legez kanpoko edozer gauza baimentzea. Elkarrizketa posiblea da soilik erakundeen arteko gutxieneko leialtasuna errespetatzen denean", esan du. Rajoyren aburuz, "formula bakarra" dago: "Masek aldaketaren bat nahi badu, Konstituzioaren erreforma bat proposa dezala, baina legearen barruan". Batera zein bestera, Espainiaren batasuna hautsiko duen erreformarik ez duela onartuko azpimarratu du. Espainian "eroso" sentitzen ez direnei mezua igorri die: "Espainia denon etxea da eta denon artean zaindu behar dugu".

Kataluniako presidentea proposatzen ari den bidea "inposaketarena" dela esan du Rajoyk, "abian jarri nahi duen elkarrizketaren bidez helburu jakin batera iritsi nahi duelako". Elkarrizketarako prest agertu da, "demokrazian ukatu ezin den betebehar bat" den heinean, baina Konstituzioak ezartzen dituen mugen barruan bakarrik hitz egingo duela gaineratu du. Rajoyk nabarmendu du igandean boto-emaileen bi herenek ez zutela parte hartu bozketan, eta horiek guztiek Masek adina errespetu merezi dutela.

A9ko prozesuaren aurrean Espainiako Gobernuaren erantzuna "proportzionala, orekatua eta zentzuzkoa" izan zela adierazi du. "Egin behar zena egin genuen", gaineratu du. "Seguruenera, igandeko prozesuaren antolatzaileak beste argazki baten bila joan ziren eta beste oihartzun bat nahi zuten nazioarteko prentsan, baina zegokien oihartzuna izan zuten, ez besterik", esan du. Epaileek ere erabaki zuzenak hartu zituztela esan du. Rajoyren iritzian, boto-kutxak erretiratzeak "tentsioa" areagotu baino ez zuen egingo.

Fiskaltzaren kereila

Masen eta Generalitateko bi kontseilariren aurka Fiskaltzak iragarritako kereilaren harira, Rajoyk adierazi du ez duela kereila horren edukia ezagutzen, Ministerio Publikoak "autonomia osoz" egiten duelako lan. Erabaki judizial oro errespetatzen duela esan du. "Mundu guztiak, nik bezalaxe, joko-arauak errespetatzea nahiko nuke", gaineratu du.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak asteon Konstituzioaren erreformaren inguruan esan duenari buruz galdetuta, berriz, Rajoyk esan du horretaz ere hitz egiteko prest dagoela, baina euren proposamena zehazteko eskatu die sozialistei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainako Gobernuaren presidente ohia