Politika -

Bake eta Bizikidetza Plana

220 terrorismo kasu argitu gabe daude

70eko eta 80ko hamarkadetan jasotako kasuak dira. ETAk, GALek, BVEk eta beste talde batzuek burututako atentatuak dira.

Txostenaren lan-taldea hartu du gaur Iñigo Urkullu Lehendakaritzan. Argazkia: EiTB
Txostenaren lan-taldea hartu du gaur Iñigo Urkulluk Lehendakaritzan. Argazkia: EiTB
1960-2014 urte bitartean izandako 220 hilketa argitu gabe daude

1:27

I.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argitu gabe dauden hilketa terroristak aztertzen dituen txostena aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak: terrorismo kasuen % 26 argitu gabe dagoela da ondorio nagusia. Horietako gehienak, 197, ETAk egindako hilketak dira. GALek, Batallón Vasco Españolek (BVE) eta antzeko taldeek eragindakoak, berriz, 20 dira, eta talde horiekin lotutako 29 hilketaren inguruan ez dago daturik. Bestalde, egile ezezaguna edo nahasia duten hiru kasu daude. Kasu guztiak 70eko eta 80ko hamarkadetan jasotakoak dira.

"1960 eta 2014 artean hildakoak eragindako erakunde terroristen atentatuen auzibideari buruzko txostena. Euskal kasua" izenburupean egin da ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikitza Planaren baitan.

Jaurlaritzaren hitzetan, biktimen hainbat elkartek egindako eskariari erantzun nahi izan diote txosten honekin. "Aurrerapauso bat da iragana argitzeko betebeharrean eta bizitzarako eskubidearen urraketari dagokionez. Hainbat familiaren egoeraren datu zehatzak ematen ditu txostenak", adierazi du Jaurlaritzak.

Martxoan agindu zioten txostena Carlos Fonseca kazetariari, eta, horrekin batera, Enara Garro Zuzenbide irakasleak, Jose Antonio Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituak eta Jose Manuel Rodriguez Uribes Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusi ohiak osatu dute lantaldea. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak taldea hartu dute gaur Lehendakaritzan, txostenaren aurkeztu aurretik.

Fernandezek eta Urkulluk esker ona agertu diete egileei egindako lanagatik. Jaurlaritzaren iritzian, "biktimak erdigunean jarri behar dira, eta egiarako eta justiziarako duten eskubidea izan behar da ardatza". Halaber, "arazo konplexua" dela onartu behar dela esan dute. "Biktimekiko errespetuagatik lan zaila dela onartu behar dugu eta ezin dugu itxaropen faltsurik sortu", esan du Fernandezek. Ahalik eta kasu gehien argitze aldera, Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak jartzeko konpromisoa agertu du.

Txostena "arreta handiagoz" aztertu nahi dutela esan dute, baina Gasteizko gobernuak hemendik aurrera izango dituen lan-lerroak zein diren aurreratu dute: "errekonozimendua, iragana argitzea eta justizia izango dira giltzarriak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea