Politika -

Konstituzioaren Eguna

Erabakitzeko eskubidea jasotzen duen Konstituzioa onartuko du EAJk

Konstituzioaren Eguna dela eta, prentsaurrekoa eskaini dute Aitor Estebanek eta Jokin Bildarratzek.

Jokin Bildarratz eta Aitor Esteban prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Jokin Bildarratz eta Aitor Esteban EFE
EAJrentzat Konstituzioak 'Euskadi nazio gisa' onartu behar du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alderdi Jeltzaleak Euskadi nazio moduan onartzen duen konstituzio baten alde baino ez du egingo, euskaldunen erabakitzeko eskubidea jasotzen duena. Hori iragarri dute gaur Aitor Estebanek eta Jokin Bildarratzek, jeltzaleek Kongresuan eta Senatuen dituzten bozeramaileek.

Konstituzioaren Eguna dela eta prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. 1978ko erreferendumean EAJk abstentzioa eskatu zuela gogoratu dute Estebanek eta Bildarratzek.

“Datorren urteko azarorako aurreikusita dauden hauteskunde orokorren ondoren egun dagoen gehiengoari amaiera emango zaio eta eszenatoki berri bat irekiko da. Orduan hitz egin ahal izango da konstituzioaren erreformari buruz”, adierazi du Estebanek.

Pedro Sanchez PSOEko liderrak konstituzioa aldatzeko proposamena ere hizpide izan du Aitor Estebanek.

“Konstituzioa aldatzeko aukera irekiz gero, horren inguruan eztabaidatzeko prest dago EAJ. Baina konstituzio berriak Euskadi nazio moduan onartu behar du, baita euskaldunek erabakitzeko duten eskubidea ere”, gogoratu du Estebanek.

“Estatu espainiarraren barruan nazioak daudela onartu beharko litzateke, Europar Batasunean normaltasunez egiten den moduan. Erresuma Batua edo Belgika dira adibide”, zehaztu du.

Aitorpenak, ordez, erkidego guztientzat berdina ez duela izan behar azpimarratu du Estebanek. “Beren burua nazio moduan ikusten duten gizarteekin egin behar da aitorpena”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV