Politika -

Autogobernu lantaldea

Lopezen iritziz, autogobernuari buruzko ituna lortzeko garaia heldu da

Akordioak ezberdinen artekoa izan beharko luke, 'berdintasun' gehiago ekarriko duena, PSOEko Ekintza Politikorako idazkariaren arabera.

Patxi Lopezek Autogobernuari buruzko lantaldean parte hartu du. Argazkia: EiTB
Patxi Lopezek Autogobernuari buruzko lantaldean parte hartu du. Argazkia: EiTB
Akordio berri baterako garaia dela esan du Lopezek

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakari eta PSOEko Ekintza Politikorako idazkariaren iritziz, heldu da autogobernuari buruzko "itun berria" lortzeko garaia. Horren iritziz, akordioak ezberdinen artekoa izan beharko luke; ezberdinen artean "berdintasun gehiago" ekarriko duena, baina "uniformetasun" gisa ulertu behar ez dena.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko egitura instituzionala aldatzearen alde mintzatu da, bereziki Lurralde Historikoen Legea erreformatzearen alde; izan ere, egungo diseinuak "Euskadi fakzioen erreinutan banatzen du" eta kostuak bikoizten edo hirukoizten ditu.

Lopezek Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean parte hartu du gaur eta Espainia federal baten alde mintzatu da, zeinari esker, Estatuak eta autonomia erkidegoek gobernu erantzukizunak partekatuko dituzten.

Azaldu duenez, Gernikako Estatutuan oinarritutako autogobernuaren pasarterik negatiboenetakoa eskumenen transferentzia gauzatzeko "gehiegizko atzerapena" izan da.

PSOEko kidearen iritziz, "hori izan da akatsik garrantzitsuena", ondoeza eta mesfidantza eragin duelako eta, gainera, alderdi nazionalisten artean "biktimismoa" sortu duelako. "Etorkizunean Estatutuan aldaketaren bat egingo bagenu eta eskumenak aldatuko balira, horiek guztiak lehenbailehen ezartzeko ahalegin handia egin beharko genuke", azpimarratu du.

Askok euskal autogobernuaren "inbidia" dutela adierazi du, eredu hori beraientzat nahi dutelako, eta, horregatik, ez debaluatzeko eskatu die EAEko herritarrei.

Euskal autogobernuaren ahulgunetako bat mugak zehazterakoan izandako "anbiguotasunak" izan direla azpimarratu du, eta, horregatik, eredu federalaren aldeko apustua egin du; bertan, administrazio zentralaren eskumenak zehaztuko lirateke eta, gainerakoak, autonomia erkidegoenak izango lirateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Patxi Lopez bideoak