Politika -

Manifestazioa Bilbon

Horrela kontatu dugu sakabanaketaren aurkako Bilboko manifestazioa

Sare euskal presoen eskubideen aldeko herri plataformak deitu du gaurko manifestazioa, presoen sakabanaketa salatzeko.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Milaka lagun, Bilbon sakabanaketaren aurka izandako manifestazioan

0:49

O.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19:00 Zabalburu plazako ekitaldiari amaiera eman diote "Hator, hator etxera" abestuz.

18:50 Senideek mezu hau zabaldu dute: "Mezu bateratua egin behar dugu, salbuespenekin amaitzeko. Oinarri komun eta sendoa eraiki nahi du Sarek".

18:43 Hegoa Arakama eta Maite Margado senideek dokumentu bat irakurri dute lau hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

18:30 Hasi da Zabalburuko ekitaldia, Fermin Muguruzak eta Saroi Jauregik gidatuta. Igor Elortzaren, Maialen Lujanbioren eta Amets Arzallusen bertsoen ondotik, eszenatoki gainean daude Rafa Rueda eta Agus Barandiaran. Amaitzeko, Hegoa Arakama eta Maite Margado presoen senideek hartuko dute hitza.

18:23 Udaletxetik eta La Casillatik atera diren presoen senideak Zabalburun elkartu dira, eta txalo eta irrintzi artean hartu dituzte.

Sare manifestazioa presoak Bilbo

Argazkia: J. Zaballa

18:17 Manifestazioaren burua Zabalburura iritsi da.

18:10 ARGAZKIA: Bilboko kaleak jendez bete dira.

Sare manifestazioa presoak Bilbo EFE

Argazkia: EFE

18:00 Jendetza bildu da Bilbon eta, jendartean, Kataluniatik eta Galiziatik etorritako herritarrak ikus daitezke.

17:48 Hasi da manifestazioa Bilbon. Manifestazioaren buru, bost furgoneta "Mirentxin" doaz eta, horien atzetik, euskal presoen senideak.

Sare manifestazioa presoak Bilbo

Argazkia: EiTB

17:35 Joan Tardà ERCko diputatuak presoen dispertsioak suposatzen duen "mendekuarekin" amaitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta "suminduta" agertu da "salbuespenezko" kartzela politikari eusten zaiolako, jakinda ere, ETA ez dela itzuliko. "Eskubide zibilek bidea ireki dutenean, euskal gizartea berradiskidetzerako ahalegin handia egiten ari denean, lotsagarria da Espainiako Gobernuak mendekuan oinarritutako kartzela politikari eustea", gaineratu du.

Sare manifestazioa presoak Bilbo EFE

Joan Tardà eta Javier Madrazo. Argazkia: EFE

17:28 Manifestazioaren hasieraren aurretik, hainbat ordezkarik adierazpenak egin dituzte kazetarien aurrean, tartean, Hasier Arraiz Sortuko buruzagiak. Hasier Arraiz: "Oso gustura gaude hemen egoteaz eta, pozik, presoak etxean nahi dituen herri bat ikusteaz". Espainiako eta Frantziako Gobernuen harresien gainetik, konbentzituta agertu da helburua lortuko dela "euskal herritarrek horrela nahi dutelako". Bestalde, EH Bilduren izenean, besarkada beroa eta estua bidali nahi izan die, gaurko manifestazioan parte hartzeko, senideak bisitatu gabe gelditu diren presoen senideei.

Sare manifestazioa

Hasier Arraiz. Argazkia: EiTB

17:26 Manifestazioan gizarte zibileko zein alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariek parte hartuko dute. Bilbon ikusi ditugu, besteak beste, Hasier Arraiz, Maribi Ugarteburu, Oskar Matute, Rebeka Ubera eta Niko Moreno(EH Bildu), Joan Tarda (ERC), Adolfo "Txiki" Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB).

Sare manifestazioa

Hasier Arraiz eta Oskar Matute. Argazkia: EiTB

17:16 Sare euskal presoen eskubideen aldeko herri plataformak, gaurko, Bilbon, euskal presoen sakabanaketa salatzeko deitutako manifestazioa 17:30ean hasiko da. Protesta ekitaldia bi adarretan hasiko da, bata Casillatik eta bestea udaletxetik, biek Zabalburun bat egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo