Politika -

Polizia operazioa

Abokatuek euskal presoekin lan egiten segitzeko konpromisoa hartu dute

"Itxuragabekeria"tzat jo dute abokatuak atxilotu izana, "atxilotu dituzten prozedura horretan euren buruak agertu baitzituzten".

Abokatuen agerraldia, Bilbon. Argazkia: Efe
Abokatuen agerraldia, Bilbon.
Abokatuen agerraldia, Bilbon. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal abokatu talde batek agerraldia egin du gaur Bilbon 12 kideren atxiloketa salatzeko, eta euskal presoak "laguntza juridikorik gabe ez" direla geratuko hitzeman dute.

Dozena erdi abokatuk egin dute agerraldia Bilboko abokatu kolegioaren egoitzan, dozenaka herritarren babesean.

Hori horrela, Iker Urbina abokatuak prentsa-ohar bat irakurri du euskal presoen defentsan ziharduten abokatuen atxiloketa salatzeko.

Abokatuek azaldu dutenez, ez dute prentsan agertu den informazioa baino gehiago, baina atxilotuak ez daudela inkomunikatuta jakinarazi dute.

Horien esanetan, duela hilabete batzuk izandako filtrazio baten ondorioz, atxilotuek bazekiten Auzitegi Nazionalak operazioa aginduko zuela, eta Eloy Velasco epailearen esku jarri ziren prozedura horretan azalpenak emateko.

Horregatik, "itxuragabekeria"tzat jo dute abokatuak atxilotu izana, "atxilotu dituzten prozedura horretan euren buruak agertu baitzituzten".

Gainera, operazioaren izaera politikoa kritikatu dute, presoen kolektiboak "bide legaletan sakontzeko" duten asmoari erantzuten diolakoan, eta Gorenak zigorren pilaketari buruz hartu behar duen erabakiaren bezperan iritsi delako.

Azkenik, operazioa delitu ekonomikoekin "mozorrotu" izana salatu dute: "Euskal Herrian inork ez du hori sinesten, mundu guztiak daki ez dugula lapurtzen. Gure lana herriarekiko konpromisoan oinarritzen da, eta berretsi egiten dugu konpromiso hori".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak