Politika -

Terrorismo jihadista

Terrorismoaren aurkako neurriak zehaztuko dituzte EBko ministroek

Europako Parlamentuak blokeatuta duen bidaiarien datuen erregistro polemikoa sortzeaz mintzatuko dira, besteak beste, Barne eta Justizia ministroak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) Barne eta Justizia ministroek bilera dute gaur eta bihar Rigan (Letonia) Frantziako atentatuen eta Belgikako terrorismo jihadistaren kontra egindako operazioaren ondotik hartu beharreko neurriak zehazteko.

Europar Batasuneko presidentetza du Letoniak eta bi eguneko bilera deitu du EBren buruhausteetako bat dena eztabaidatzeko.

Frantziak, Alemaniak eta Espainiak jihadismoaren aurrean segurtasuna zorrozteko neurriak onartu dituzte, baina Europa guztian politika komun bat ezartzearen beharraz mintzatuko dira gaur 28ak.

Gilles de Kerchove Europar Batasunaren terrorismoaren kontrako borrokaren koordinatzaileak uste du, Frantzian eta Belgikan jazotakoaren ondotik, herrialdeek EBn neurriak hartzeko borondate politiko nahikoa izan dutela.

Bidaiarien datuen erregistroa da gairik arantzatsuena. 2014ko apiriletik Europar Parlamentuak blokeatuta du neurria, herritarren pribatutasuna urratzen duelakoan. Eurogunean herritarren zirkulazio librea ahalbideratzen duen Schengen araua ere eztabaidagai izango dute ministroek.

Europar Batzordeak iragarri duenez, maiatzean Europako segurtasunaren inguruko estrategia berria aurkeztuko du, eta beharrezkoa balitz, bidaiarien datuen erregistroa sortzeko proposamena egingo du.

Ministroek Rigan adostutakoa EBko Estatu eta Gobernu buruek otsailaren 12an duten goi-bileraren oinarria izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Frantzia argazkiak Atentatuak argazkiak Jihadismoa hoy