Politika -

Legebiltzarrean

EH Bilduk Maite Iturberen dimisioa eskatuko du osteguneko bilkuran

PSE-EEk, bestalde, Maite Iturberi emandako babesa kentzea eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatuko du datorren osteguneko osoko bilkuran, Eusko Irratia elkartean egindako “Enplegu Erregulazioko Espedienteak” koalizioarekin adostutako hitzarmena “apurtu” egin duela argudiatuta.

Hortaz, datorren osteguneko osoko bilkuran, Maite Iturberen dimisioa “formalki” eskatuko dutela iragarri du gaur Unai Urruzuno bozeramaileak. PSE-EEk, bestalde, Maite Iturberi emandako babesa kentzea eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari.

Eusko Irratian egin den Lan Deialdi Publikoa babestu zuen EH Bilduk EiTBKo Administrazio Kontseiluan. Hala ere, koalizioak gaur gogoratu duenez, deialdi publiko horrekin batera, 2016. urteari begira Eusko Irratiaren plantila osoaren kopurua negoziatzeko konpromisoa hartu zuen EiTBko Zuzendaritzak.

Orain adierazi duenez, “bateraezinak” dira Enplegua Erregulatzeko Espedientea eta “enplegu publikoaren sorrera ekarriko zukeen akordioa” eta, beraz, sozialistek osteguneko saioan Maite Iturberen dimisioa eskatzen dutenean, ekimena babestu egingo dutela iragarri du Urruzunok; betiere, EiTBren Zuzendaritzak atzera egiten ez badu.

EiTBk bizi duen “egoera kaotikoaren jatorria” Andoni Ortuzarren zuzendaritzak bultzatu eta Alberto Suriok jarraitu zuen “kontratazio politika” dela esan du EH Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu Nafarroa