Politika -

Enplegu sailburu berria

CCOOk, ELAk eta LABek ez dute Angel Toña salatzeko arrazoirik ikusten

Ainhoa Etxaidek esan du LAB sindikatuak ez duela Enplegu sailburua salatu. ELAk adierazi du ez duela 'gaitzespen arrazoirik' ikusten Toñaren jokabidean. Kasua “dezente puztu” dutela uste du CCOOk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan du sindikatua ez zela Angel Toñaren inhabilitazioa ekarri duen salaketara gehitu, Enplegu sailburu berriaren jarduera “ez zelako okerra izan”.

Epaia hitzez hitz irakurri ez badu ere, Ainhoa Etxaidek esan du LAB sindikatua “lan-gatazka luze eta korapilatsu” horretan izan dela hasieratik.

Sindikatuak ez du ikusi Toñak konkurtso-administratzaile lanetan egindakoak inolako akatsik, ezta salaketa jartzeko arrazoirik.

Etxaidek azaldu du ehundik gora langileko enpresa horretan, bost direla salaketa jarri zutenak.

Sailburu izendatu berriak “konkurtso-legea ez betetzea” eta, hortaz, “langileen alde” egin zuela zehaztu du LABek, eta, ondorioz, ez du begi onez ikusi Toña zigortu izana.

Hala ere, legea bete ez badu, “logikotzat” jo du Toña inhabilitatzea. Sailburuak azalpenak eman beharko dituela gaineratu du, baina ez dute Toñaren izendapena horregatik “desegokitzat” jo.

ELAk ez du Toñak konkurtso administratzaile gisa egindako lana gaitzesteko arrazoirik ikusten

ELA sindikatuak asteazken honetan adierazi du ez duela Angel Toña sailburuak, Fundifes, Otsaila 21 eta Bator Gestion 2014 enpresetako konkurtso administratzaile gisa, egindako lana "gaitzesteko arrazoirik" ikusten. ELAren esanetan, proiektu industriala salbatzeko eta ahalik eta lanpostu gehienei eusteko erabakiak hartu zituen. Hala ere, "zoritxarrez", helburu hori lortzea "ezinezkoa" izan zela deitoratu du ELAk.

Ohar batean, ELAk azaldu du Fundifes enpresako gatazka "oso zaila" dela eta izan dela. Gaineratu duenez, bidean kontrako interesek talka egin dute "enpresa proiektu bat defendatzen genuen eta enpresako lurzoruarekin konponbide espelukatiboa nahiago zutenen artean".

Sindikatuak azaldu duenez, "testuinguru zail horretan", konkurtso administratzaileek (tartean, orain Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburua dena) "balizko industria proiektua salbatzeko beharrezko erabakiak hartu zituzten".

CCOO: “Kasua dezente puztu dute”

Administratzailea izateko inhabilitazioak kargudun publiko gisa jarduteko debekua ezartzeko nahikoa ez dela uste du Unai Sordo Euskadiko CCOOren idazkari nagusiak.

Sordoren hitzetan, kasua “dezente puztu” dute; izan ere, “antza denez”, langileei kalte-ordaina pagatzeko lehentasuna izan zuen Toñak. Ondorioz, “etikoki gaitzesgarria” ez dela uste du sindikalistak.

Hala ere, inhabilitazioa “araudiaren baitan” dagoela azaldu du Sordok, baina konkurtso administratzaile karguari mugatuta dago soilik. “Kargu publikoa debekatzeko arrazoia denik ez dut uste”, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak