Politika -

Ustezko iruzurra

Ana Isabel Alvarez epailea izango da 'Kutxabank auzia' eramango duena

EAJ eta PSE-EE Legebiltzarrean ikerketa batzordea eratzearen aurka agertu dira.

Cabieces eta Fernandez. Argazkia: EiTB
Cabieces eta Fernandez.
Cabieces eta Fernandez. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Isabel Alvarez Fernandez epaileak daraman Bilboko 4. Instrukzio epaitegiak hartu du bere gain 'Kutxabank auzia', Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari ustez egindako ordainketa irregularren auzia.

Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuak atzo Mario Fernandez Kutxabanken presidente ohia, Cabieces bera eta Rafael Alcorta Cabiecesi 243.000 ordaintzeko erabili zen abokatuen bulegoko arduraduna inputatzeko eskaria egin ostean erabaki du auzitegiak prozesua abiatzea.

Gainera, Iberdrolak Cabiecesi urtean emandako 62.000 euroko soldata ere ikertzeko eskatu dio fiskalak epaileari.

Fiskaltzaren arabera, hiru delituren zantzuak daude: administrazio ez leiala, bidegabe jabetzea eta merkataritza dokumentuaren faltsutzea. Kasu larrienean, lau urteko kartzela-zigorra eska daiteke delitu horiengatik.

EAJ eta PSE-EE, ikerketa batzordearen kontra

Atzemandako ustezko irregulartasunak ikertzeko bide egokiena justizia dela iritzi dio Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako buruak. Horrenbestez, errefusatu egin du EH Bilduk proposatutako ikerketa batzordea sortzea.

Horren haritik, koalizio abertzaleak ezer "argitu" baino gehiago, "gauzak nahastu" nahi dituela kritikatu du.

PSE-EE ere batzordearen kontra agertu da; izan ere, "gertatutakoa argitu nahi bada, gaia auzitegian dago, beraz, hor ezagutuko ditugu xehetasun guztiak".

"Konfiantza osoa dugu Justiziarengan, eta epaia laster iristea espero dugu", adierazi dute sozialistek.

Iberdrola

Iberdrolak ere Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko ordezkari ohiaren zerbitzuak kontratatu zituen 2012. eta 2013. urteetan, gaur Vocento taldeko egunkariek argitaratutakoaren arabera. Bi urte horietan, 107.000 euro jaso zituen Cabiecesek Iberdrolatik. Iberdrolarekin batera, Kutxabank zen Cabiecesen bezero bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Kutxabank