Politika -

Estatuaren egoera

Alderdi-bitasunaren azken eztabaida

Podemosek eta Ciudadanosek oreka politikoa aldatuko dute hurrengo hauteskundeetan.

Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Argazkia: EFE
Estatuaren egoerari buruzko eztabaida bihar hasiko da Kongresuan

1:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuaren egoerari buruzko eztabaida astearte honetan hasiko da Diputatuen Kongresuan. Estatuaren egoerari buruzko azken eztabaida izango da legealdi honetan, eta aurtengo hauteskunde-egutegi estuak baldintzatuko du. Andaluziako hauteskundeak, erkidegoetakoak, udal hauteskundeak, Kataluniakoak eta orokorrak dituzte aurretik alderdiek. Horrela, eztabaida hauteskunde-kanpainako lehen mitin bihurtuko da.

Gainera, eztabaida bi alderdiko sistemaren azkena izango da, Podemosek eta Ciudadanosek Parlamentuko oreka politikoa goitik behera aldatuko baitute hurrengo hauteskundeetan.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia, Alberto Garzon IUko hautagaia eta Rafael Hernando PPko bozeramailearentzat estreinakoa izango da. Urteko hitzordu garrantzitsuena da Kongresuan, eta hiru ordezkari horiek ez dute eskarmenturik antzeko saioetan.

Sanchez eta Garzon euren alderdietan edo koalizioetan lidergoa sendotzen eta PPren politiken aurrean benetako alternatiba bat bezala agertzen saiatuko dira.

Mariano Rajoy, ostera, politika horiek babesten saiatuko da. Exekutiboko buruzagiak abiatuko du eztabaida, eguerdian. Arratsaldean, aldiz, oposizioko alderdien txanda izango da.

Balantze arrakastatsua

Horrela, erreformen balantze arrakastatsua egingo du Rajoyk, baina neurri gehiago iragarriko ditu; batez ere, enplegu eta gizarte gaietan. Legealdia oraindik ez dela bukatu nabarmendu nahi du Gobernuak, “espiritu erreformistak ezin duelako loak hartu”.

“Espainiako edozein txokotan” orain arte egindako “esfortzua” eta “elkartasuna” klase ertainei itzultzeko ordua dela esan du Soraya Saenz de Santamaria Exekutiboko presidenteordeak.

Oposizioa

Promesa berririk ez egiteko eskatu dio Antonio Hernando PSOEko bozeramaileak Rajoyri; izan ere, ez dira sinesgarriak izango, sozialistaren iritzian. Agintaldian zehar Rajoyk “hainbat gezur” esan dituela eta agindutakoa ez duela bete kritikatu du.

Presidentearen “triunfalismo neurrigabea” entzutea saihestezina izango dela uste du Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Estebanen esanetan, hitzaldia hauteskunde-kanpainaren urteko “lehen mitin” bihurtuko du Rajoyk, Europako testuingurua eta langabezia-kopuru “dramatikoak” bazterrean utzita.

Legealdia “galdu” egin dela salatuko du Amaiurrek, “Gobernuak ez duelako bake eta normalizazioa lortzeko pausorik eman”.

Bestalde, inkesta guztien arabera agertoki politikoan indar handiarekin sartuko diren bi alderdiek ez dute Kongresuko eztabaidan parte hartuko astearte honetan.

Hala ere, eztabaidan egon egongo direla uste dute Podemoseko buruzagiek. Bi alderdiko sistemaren azken eztabaida izatea espero dute, eta Rajoyri erantzuteko ekitaldi bat deitu du Pablo Iglesiasek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak