Politika -

Bake prozesua

EAJk ez du onartu Sorturen bake proposamena

Jeltzaleak ez daude ados "terminologiarekin", eta "atzerapausoa" dela uste dute. Hala eta guztiz ere, akordioa lortzeko lanean jarraitzeko prestutasuna agertu diote ezker abertzaleari.

EAJk ez du onartu Sorturen bake proposamena

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk ez du onartu Sortuk bakea eta bizikidetza egonkortzeko helarazi dion proposamena, bertan "atzerapausoak" antzeman dituelako. Hala eta guztiz ere, akordioa lortzeko lanean jarraitzeko prestutasuna agertu diote ezker abertzaleari.

Hasier Arraiz Sorturen presidenteak atzo iragarri zuen EAJk "mahai gainean" zuela duela egun batzuetatik proposamena, baina oraindik ez zutela erantzunik jaso.

"Gatazka konpontzeko ibilbide orria" izeneko dokumentua EAJren Euzkadi Buru Batzarrak aztertu zuen, astelehenean, negoziazioko iturriek jakitera eman dutenez.

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak gaur jakinarazi dio Arraizi, idatziz, ez zutela proposamena onartzen, baina bitan adierazi dio Sorturekin elkarlanean jarraitzeko prestutasuna, "bakea eta bizikidetza lortzeko aurrerapausoa" izango litzatekeen dokumentu bat adostea helburu.

Aipatu iturrien esanetan, EAJk eta Sortuk nahi duten akordioa "zoru etikotik" harago doa.

Euzkadi Buru Batzarrak uste du Sorturen proposamena ez dela baliagarria bi alderdien arteko akordio baterako. Gainera, ezker abertzalearen jarreran "atzerapausoak" antzeman ditu, "terminologiaren" kasuan bereziki.

EAJrentzat, Sortuk dokumentuan jarri dituen atalak (desarmatzea eta desmilitarizazioa; kartzela politika; eta egia, justizia eta memoria) "ondo" daude, baina idazteko moduan eta edukian "atzerapauso argi eta kezkagarriak" daude.

Gainera, Ortuzarrek esan dio ez zaiola gustatu dokumentuaren berri ematea hedabideetan, eta diskrezioa eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea