Politika -

Adierazpen instituzionala

Nafarroako Ganberak 'garbiketa egitea' egotzi dio ezker abertzaleari

Hain zuzen ere, "garbiketa nazionala eta gizateriaren aurkako krimenak" egitea leporatu dio.

nafarroako parlamentua

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egin ditu "ezker abertzaleak eta horren beso armatuak (ETA)" egindako "garbiketa nazionala eta gizateriaren aurkako krimenak", asteartean onartutako adierazpen instituzional batean.

Testua Bozeramaileen Batzordeak onartu du. UPNk, PSNk eta PPk horren alde bozkatu dute, eta Bilduk, Aralarrek eta I-Ek, aldiz, aurka.

Adierazpenean, Ganberak "elkartasuna" agertu die biktimei, eta otsailaren 11 "ETAk ihes egitera behartutakoen eta gizateriaren aurkako krimenen biktimen aldeko eguna" izendatu du, hilketak ez ahazteko.

Bestalde, Parlamentuak "ezker abertzale bortitzak gizateriaren aurka egindako krimenen eta genozidio ekintzen historia hezkuntza materialetan sartzea" eskatu dio Nafarroako Gobernuari, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) ebazpen bati jarraiki.

Ezker abertzalearen zuzenketak

Testu horren aurrean, Bilduk eta Aralarrek zuzenketa bat aurkeztu dute, baina ez du aurrera egin. Elkartasuna "edozein indarkeria politikoren biktima guztiei" adieraztea eskatzen zuten bertan alderdi abertzaleek, eta bakea eta bizikidetza errotzeko "bide demokratikoak bakarrik" erabiltzearen alde egiten zuten.

I-Ek beste adierazpen bat proposatu du, ETAren indarkeria "irmo gaitzesteko" eta "behin betiko desegitea" eskatzeko. Testu horrek ere aurrera egin du, UPNk, PSNk eta PPk babestuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra UPN Albisteak Nafarroako Alderdi Nafarroa gaur Euskadi Ta Askatasuna albisteak EH Bildu Nafarroa