Politika -

Hauteskundeak Andaluzian

Espainiako presidentegaiek kanpainaren amaieran muturra sartu dute

Pedro Sanchezek, Mariano Rajoyk eta Pablo Iglesiasek Susana Diaz, Juanma Moreno eta Teresa Rodriguez lagundu dituzte, hurrenez hurren, Andaluziako hauteskunde-kanpainaren bukaeran.

Susana Diaz hautagai sozialista eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Susana Diaz hautagai sozialista eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Susana Diaz hautagai sozialista eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Ezeren” beldur ez dela errepikatu du gaur Susana Diaz PSOEko hautagaiak. “Boteretsuei” beldur ez diela esan du Diazek. Herritarrek “begietara begiratu” eta “huts egin” duela esateari ikara diola adierazi du presidentegai sozialistak. “Larrua aldatu” eta agindutakoa ez betetzea bere beldurrik handiena dela zehaztu du Diazek.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia bigarren aldiz izan da Andaluziako hauteskunde-kanpainan. Sozialistek Sevillako Pablo Olavide Unibertsitatean amaiera eman diote kanpainari. Igandeko hauteskundeetan sozialistek lortuko duten “sekulako garaipenak” Espainiako “aldaketa seguruari” hasiera emango diola azpimarratu du Sanchezek.

PP

Bestalde, boto “masiboa” eskatu du Juanma Moreno Alderdi Popularreko hautagaiak. Boz “kontziente, arduratsu eta ausarta” eskatu du Morenok. Andaluziaren “garapena eta aurrerapena oztopatzen duten giltzarrapoak kentzeko” gai den proiektu bakarra PPrena dela aldarrikatu du Morenok.

Hauteskunde-kanpainaren amaiera ekitaldian, martxoaren 22an “aldaketaren udaberria” has daitekeela adierazi du PPren hautagaiak. Podemos, IULV-CA edo Ciudadanos bezalako alderdi “giltzarriei” botoa emanda sozialistak boterean “ez betikotzeko” eskatu die Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak andaluziarrei. Alderdi horiek hauteskundeen ostean PSOEren “makulua” izango direla ohartarazi du Rajoyk.

Podemos

Andaluziak eta Espainiak “aldaketa usaina” dutela esan du gaur Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak. Horregatik, boto “ausartari” dei egin dio Iglesiasek, Teresa Rodriguez Andaluziako presidente bihurtzeko.

Podemosek Dos Hermanaseko belodromoa aukeratu du kanpainari bukaera emateko. PSOEk bertan eman ohi izan ditu mitin handiak. Podemosek 14.500 lagun bildu ditu belodromoan. Teresa Rodriguezek ogia, lana, lurra eta askatasuna eskatu ditu hitzaldiaren hasieran. “Gertatzen dena gertatzen dela, dagoeneko irabazi dugu eta hau atzeraezina da”, nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Pablo Iglesias politikari ohia Pedro Sánchez