Politika -

Lan-erregulazioko txostenak

Griñan: 'Ez zen egitasmo handirik izan, baina bai iruzur handi bat'

Lan-erregulazioko txostenetan gertatzen ari ziren irregulartasunen berri ematen zuten txostenak igorri ez zizkiotela azaldu du Andaluziako presidente ohiak Auzitegi Gorenean.

Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohia eta senatari sozialista. Argazkia: EFE
Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohia eta senatari sozialista. Argazkia: EFE
Jose Antonio Griñan, inputatu gisa deklaratzen

0:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Griñan Andaluziako Gobernuaren presidente ohi eta senatari sozialistaren hitzetan, “ez zen egitasmo handirik izan, baina bai iruzur handi bat” lan-erregulazioko txostenen kudeaketan. “Kontrolen batek huts” egin zuela onartu du Griñanek Auzitegi Gorenean.

Alberto Jorge Barreiro Auzitegi Goreneko magistratuaren aurrean lau orduko deklarazioa eman du Andaluziako buruzagi ohiak. Justiziaren egoitzan azalpenak eman ahal izatearekin pozik agertu da. Gai horren inguruan gertatu diren irregulartasun guztiak “errefusatu” ditu Griñanek.

Lan-erregulazioko txostenetan gertatzen ari ziren irregulartasunen berri ematen zuten txostenak igorri ez zizkiotela azaldu du Andaluziako presidente ohiak Gorenean. Ondorioz, irregulartasunak ezagutzerik ez zuela gaineratu du.

Epailearen galderei hitz oso teknikoekin erantzun die Andaluziako presidente ohiak. Aurrekontuen eta gastuaren kudeaketa berezi ditu Griñanek; izan ere, aurrena bere eskumena zen, baina bigarrena ez zen bere erantzukizuna, Enplegu Kontseilaritzarena baizik.

“Oso pozik”

Gorenetik atera eta adierazpenak egin ditu kazetari ohiak. Egoitza judizialean deklaratzeko aukera izatearekin “oso pozik” azaldu da. “Andaluziako Parlamentuaren ikerketa batzordean agerraldia egin eta hiru urte geroago” gertatu dela gogorarazi du Griñanek.

Aurrekontu-sail bat gauzatzeko orduan gertatu diren irregulartasun guztiak “errefusatu” ditu Griñanek. Bestalde, “Andaluziako Gobernuaren Presidentetzak eta Ogasun Kontseilaritzak une oro legea errespetatu zutela demostratu ahal izan duelako konforme” agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluziako Erkidegoa Albisteak Auzitegi Gorena Iruzurrak argazkiak