Politika -

Rajoyren erabakia da

Ertzaintzak ez du baimenik izango jihadismoaren datuak kontsultatzeko

Espainiako Gobernuaren erabakia "hanka-sartzea" dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Ertzaintzak nazioarteko foroetan egon behar duela berriro aldarrikatu du Gasteizko Exekutiboak.

'Jihadismoaren inguruko informazio nahikoa du Ertzaintzak'

01:10

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta gainerako erkidegoetako Poliziek jihadismoaren inguruko datu-baseetara sartzeko baimena izatea eskatu du gaur EAJk Diputatuen Kongresuan. Mariano Rajoy Espainiako presidentearen iritziz, gai horren inguruan Ertzaintzak duen informazioa “nahikoa” da, eta, Konstituzioaren arabera, erkidegoetako Polizien eskumenak eskualde horietara mugatuta daudela azpimarratu du.

Rajoyk Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutuaren 17. artikulua gogora ekarri ditu. Bertan zehazten da Ertzaintzaren eskumenak EAEra mugatuta daudela.

Datu-baseetan sartzeko baimenaren inguruan, Rajoyk azaldu du Espainiako Polizia guztiek dutela bertara sartzeko aukera, “hainbat sistemaren bitartez”.

“Interpol, Europol eta Sirenera sartzeko aukera dute herritarren segurtasuna bermatzeko jarduten diren erkidegoetako Poliziek; horrekin nahikoa dela iritzi diot”, adierazi du.

Aitor Esteban EAJko diputatuak bere ezinegona agertu du; izan ere, “mehatxua handia bada, ez dut ulertzen erkidegoetako Poliziek zergatik ez duten harreman zuzena nazioarteko datu-baseekin”, salatu du.

"Hanka-sartzea” dela uste du Eusko Jaurlaritzak

Exekutibo zentralak Ertzaintzari jihadismoaren nazioarteko datuen berri izateko baimenik ez ematea “hutsegite biribila” dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Zentzu horretan, Rajoyren Gobernuak eskakizunak ez aztertzea deitoratu du Jaurlaritzak, terrorismo jihadistaren mehatxuak gora egin duela kontuan harturik.

Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak prentsaurrekoa eman du Erandion. Ertzaintzak nazioarteko foroetan egon behar duela berriro esan du Zubiagak, bertan informazioa aztertu eta erabakiak hartzen direlako. “Une honetan jasotzen dugun informazioaren tartean Estatua dago, ondorioz, informazio guztia garaiz eta osorik ematen ari diren ez dakigu”, deitoratu du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak kasurik gehienetan informazioa eskatu behar izan duela salatu du sailburuordeak. “Arazo orokorra dela ulertzeko gaitasunik ez izatea Estatuaren hanka-sartze biribila da; arazo honetan guztiek parte hartu edo ez dugu arrakastarik izango”, erantsi du. Ertzaintza Polizia integrala da eta horrela tratatu behar dutela uste du Urkulluren Gobernuak.

Amnistia fiskala

Bestalde, 2012ko amnistia fiskalaz baliatu ziren pertsonen zerrenda ez duela publikatuko berretsi du Rajoyk. Horren harian, PSOEri kritika gogorrak egin dizkio, Gobernuan egon zen 22 urteetan ere datu fiskalik ez zuelako eman.

“Zuzen aritu zineten, eta nik ere nire eginkizuna beteko dut orain”, adierazi du. Gobernuan gauza bat egitea eta oposizioan kontrakoa eskatzea ez da zuzena, Rajoyren ustez.

Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak, berriz, langileen alde egin beharrean, iruzurra egin dutenen alde egitea egotzi dio Rajoyri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy Ertzaintza