Politika -

Ogasunaren ikerketa

Enpresa eraikitzaile batek Trillori 354.000 euro ordaindu zizkion

Era berean, Vicente Martinez Pujalte PPko diputatuak 75.000 euro jaso zituen urtebete eskasean. Diru-sarrerak justifikatzeko txostenik ez du aurkitu Zerga Administrazioko Estatu Agentziak.

Federico Trillo Espainiako enbaxadorea Londresen. Artxiboko irudia: EFE
Federico Trillo Espainiako enbaxadorea Londresen. Artxiboko irudia: EFE
Federico Trillo Espainiako enbaxadorea Londresen. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herri lanetan espezializatutako enpresa eraikitzaile baten eskutik dirua kobratu zutela onartu dute gaur Federico Trillo Espainiako enbaxadoreak (Londres) eta Vicente Martinez Pujalte PPko diputatuak, baina baldintza guztiak bete eta zergak ordaindu zituztela azpimarratu dute.

El Pais egunkariak argitaratu duenez, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren arabera, diru-sarrerak justifikatzeko txostenik ez dute topatu. Trillok 354.560 euro jaso zituen ia hiru urtetan, eta Pujalte 75.000 euro urtebete eskasean. Dirua euren aholkularitza bulegoen bitartez kobratu zuten.

Egunkariak jakitera eman duenez, Grupo Collosa enpresak egin zituen ordainketak. Herri lanetan espezializatua dago. Besteak beste, Gaztela eta Leongo parke eolikoei etekina atera zien.

Trillok auzitegietara joko du

Collosa enpresaren eta Estudio Juridico LABOR bulego profesionalaren arteko harremana azaltzeko agiri bat bidali du enbaxadoreak. Horrela, bere ohorea eta lanbidea, baita bulegoa eta familia ere, defendatzeko auzitegietara jotzea ez du baztertu Trillok.

El Pais-en arabera, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak egunkariari informazioa “filtratu” ziotela goraipatu du Trillok agirian. “Zergapekoen datuak manipulatzea eta modu okerrean erabiltzea onartezina eta harrigarria” dela adierazi du enbaxadoreak.

Pujalte, “lasai”

“Guztia zuzen egin dudanez oso lasai nago”, ziurtatu du Vicente Martinez Pujaltek. “Legezkotasuna erabat errespetatu dut”, erantsi du PPko diputatuak. Zerga-aitorpena eta diputatu karguarekin bateragarritasuna errespetatu dituela defendatu du.

Hala ere, Collosa enpresarentzat bi urtez lan egin zuela onartu du Pujaltek. Mario Armero kontseilari delegatuaren aholkularia izan zela esan du PPko diputatuak. Kongresuari bateragarritasuna eskatu ziola baieztatu du. Ganberak bateragarritasuna onartu ziola erantsi du. Dagozkion zergak ordaindu zituela goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea