Politika -

Bidegi auzia

Bidegiren aurka jarritako kereila zabaltzea onartu du epaileak

Euskadi Irratiak jakin duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidegi auzian  jarritako kereila zabaltzea onartu du kasua ikertzen ari den Azpeitiko epaileak.

AP-1ean beste 10 milioi euroko iruzurra izan zela salatu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. EFE.
AP-1ean beste 10 milioi euroko iruzurra izan zela salatu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. EFE.
Bidegiko gainordainketen ikerketa zabaldu du epaileak

00:27

Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Aldundiak uste du Bidegiko ustezko iruzurra hasieran salatutako 3,4 milioi eurokoa baino handiagoa dela; aurreko legealdian ia 24 milioi euro bidegabe erabili zirela salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hori horrela, zabaldu egin du azaroan aurkeztutako kereila, eta kasua ikertzen ari den Azpeitiko epaileak ontzat jo du kereila zabaltzea, Euskadi Irratiak jakin duenez.

Kereilan 13,6 milioi euro bidegabe erabili zirela salatu zuen hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta beste 10 milioi euroko iruzurra izan zela salatu zuen atzo. AP-1eko Eskoriatza-Arlaban zatiari buruzko datuak eman zituen atzo Larraitz Ugarte Bide eta Azpiegitura diputatuak: zati horretako ordainketa egiterakoan aurreko agintariek zifrak "puztu" zituztela pentsatzeko arrazoiak daudela esan zuen Ugartek. Bidegik Arabari zegozkion 10 milioi euro ordaindu zituela salatu zuen diputatuak.

Bidegik bere gain hartu zuen Eskoriatza-Arlaban zatia eraikitzeko lanak egiteko ardura. Lanak amaitu ostean, 2009ko maiatzean, Bidegik 36 milioi euro eskatu zizkion Arabari, lurralde horri zegokion zatiarengatik eta 2011ko urtarrilean ordainketa egintzat eman zuten bi aldundiotako agintariek, besteak beste, Eneko Goya orduko Errepide diputatuaren sinadurarekin.

2011ko ekainean, ordea, Bidegik 41 milioiko likidazioa adostu zuen kontratistarekin Gipuzkoako zatiarengatik. Larraitz Ugartek dioenez, baina, ordainketa horretan Arabako zatiko lanak ere sartu zituzten, aurretik ordainduta zeudenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren hitzetan, Araba Aldundiko teknikariek berretsi egin dute lurralde hartako lan guztiak 2009an ordaindu zirela. Hori kontuan izanda, Ugarteren lantaldeak salatu du Bidegik egin gabeko lanak ordaindu zituela. Foru diputatuaren arabera, esku artean duten hipotesietako bat da Bidegik puztu egin zituela diru partidak enpresei gehiago ordaintzeko, eta puzte horretan Arabako obra zatiak ere sartu zituztela.

Ekainaren 2an inputatuek deklaratuko dute, bigarren aldiz, eta 3an eta 4an kereila argudiatzeko erabili diren txosten eta neurketak egin dituzten perituek emango dituzte azalpenak epailearen aurrean.

EAJk goitik behera ukatu ditu salaketok. Eider Mendoza EAJko batzarkidearen hitzetan, "likidazio guztiak txosten teknikoetan oinarritu dira beti, eta ez da ordaindu ordaindu behar zena baino zentimo bat gehiago". "Hemen salatu behar dena ezker abertzalearen jarrera da. Hau da, modu zikinak eta estrategia zikinak erabiltzen dituztela, beti bezala", gaineratu du Mendozak.

EH Bilduk "berehalako azalpena" eskatu die Goiari eta Olanori

EH Bilduk auziaren inguruan "berehalako azalpena" emateko eskatu die Markel Olano eta Eneko Goia EAJren buruzagiei.

Joxean Agirre eta Ainhoa Beola koalizio abertzaleko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Donostian, eta argi adierazi dute "aurpegia eman beharra" dutela Markel Olano EAJko Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta hautagaiak eta Eneko Goia Errepideetako diputatu ohi eta Gipuzkoako hiriburuko alkategaiak.

"Datuak, informazioak eta gertakariak pilatzen ari dira astez aste. Oso larriak dira ustez egin zituztenak", adierazi dute Uberak eta Agirrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Gaurko albisteak Gipuzkoa Salaketak bideoak Ustelkeria politikoa gaur EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia AP-1eko berriak