Politika -

KATALUNIA

Epaien bidez Katalunia aldatu nahi izatea egotzi dio Masek PPri

2015-2016 ikasturterako Kataluniako eskoletan matrikulatzeko Generalitateak onartu duen araudiaren kontrako helegitea jarri du Estatutuko Abokatutzak.

Artur Mas. EFE.
Artur Mas. EFE.
Artur Mas. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak esan duenez, Alderdi Popularrak eta Espainiako Gobernuak "auzitegien eta sententzien" bidez aldatu nahi dute Katalunia, "eta ez hauteskundeen bidez".

2015-2016 ikasturterako Kataluniako eskoletan matrikulatzeko Generalitateak onartu duen araudiaren kontrako helegitea jarri du Estatutuko Abokatutzak, eta horren harira egin ditu adierazpenok gaur, Kataluniako Parlamentuan, Masek.  Kataluniako hezkuntza sisteman indarrean dagoen murgiltze linguistikoa defendatu du , Europako Batzordeak sistema hori eredutzat jo duela esanaz.

Alicia Sanchez Camacho PPCko buruak egin dio eskoletako matrikulazioen araudiari buruzko galdera presidenteari, goizeko kontrol saioan. "Errealismoarekin arazoa" dutela eta "non bizi diren" ez dakitela erantzun dio Masek Camachori.

 

"Katalunia aldatu nahi dute, eta botoen bidez aldatu ezin dutenez, auzitegien eta sententzien bidez ari da saiatzen, beti bezala. Botoak eskuratu beharrean, auzitegien presioa erabiltzen dute", zehaztu du.

Europako Batzordeak Kataluniako hezkuntza sisteman ezarrita dagoen murgiltze linguistikoa babestu eta eredugarritzat jo duela nabarmendu du presidenteak. Haren hitzetan, Europak ez du bakarrik sistemaren ikuspegi hezitzailea txalotu, "kohesio sozialerako" tresna bezala ere eredutzat jo du EBk murgiltze linguistikoa. Masen aburuz, Espainiaren eta Kataluniaren "arazoa" ez da PPk "behin eta berriz aipatzen duen elebitasuna", baizik eta atzerriko hizkuntzen ezagutza eskasa. Generalitatea gabezia horri aurre egiteko ahalegin guztiak egiten ari dela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia