Politika -

Aministiaren aldeko gutuna

ETAko 93 preso ohik amnistia eskatu dute

Internet bidez zabaldutako gutun batean, ETAko sektore kritikoak gizarteari dei egin dio, kartzelan dauden presoak amnistia baten bidez askatzeko borroka egin dezan.

Filipe Bidart preso ohia.
Filipe Bidart preso ohia.
Filipe Bidartek dio euren jarrera ez dela kritika, ekarpena baizik

1:13

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko eta Iparretarrak taldeko kide izandako 93 preso ohik gutun bat argitaratu dute, kartzelan dauden presoak amnistia baten bidez kaleratzea eskatzeko.

Internet bidez zabaldutako idatzian jasotzen denez, 400 preso baino gehiago daude, eta horietako batzuek 30 urtetik gorako espetxe zigorrak dituzte. "Oraindik ez ditugu gure helburu estrategikoak lortu. Gatazka politikoa gainditzen ez den bitartean, errepresaliatu politikoak egongo dira. Eta errepresaliatu politikoak dauden bitartean, gatazka ezin da gainditutzat eman", azaldu dute bertan.

Idatziaren sinatzaileek ez dute euren burua biktimatzat jo, "borondatezko militante kontzienteak, iraultza egitearen arriskuen jakitun" baitziren. Herria "ideologikoki janztea" beharrezkotzat jo dute, "formazioa eta ideologia zabaltzea direlako borrokalari iraultzaileentzako armarik eraginkorrenak". Horren harira, presoen estatus politikoa aitortzea premiazkoa dela esan dute. "Gatazka konpontzeko militante politikoen askatasuna beharrezkoa dela onartu behar du herriak. Orduan bakarrik emango diogu konponbidea gatazkari, eta irteera horrek izen bat du: amnistia", nabarmendu dute.

Izenpetzaileen arabera, presoen askatasuna erdiesteko "eginkizuna" dute, "baldintzarik gabe eta duintasunez, inoren aurrean burua makurtu gabe. Hori lortzeko bidea amnistia da". "Amnistiak gatazkaren konponbidea ekarriko du, eta, beraz, amnistiak bakarrik bermatuko du errepresaliatu politiko gehiago ez egotea", gaineratu dute. Hori dela eta, amnistiaren alde "antolatzeko" dei egin diote gizarteari.

Besteak beste, Filipe Bidart, Jon Iurrebaso Atutxa, Jesus Maria Mendinueta Flores, Josu Ormaetxea Antepara, Jose Maria Sagardui Moja, Iñaki Erro Zazu, Jose Luis Gallastegi Lagar eta Bautista Barandalla daude gutuna izenpetu dutenen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak ETA albisteak